Arrazoia erabiltzen dudanetik, behin eta berriz galdetu diot neure buruari zer demontre egiten ari nintzen leku hartan, zer pintatzen nuen nik nengoen toki hartan. Gehiegitan pentsatu dut ni ez nintzela han egon behar.

Kongresu zientifikoetara joaten nintzenean edo, batez ere, nire erantzukizun instituzionalen ondorioz ekitaldi publiko edo protokolarioetan parte hartu behar izan dudanean nabaritu ditut sentsazio horiek.

Inoiz ez dut jakin zer egin eta nola jokatu egoera horietan. Zientzia-biltzarretan ondorioztatu nuen nahiago nuela ahozko komunikazioak aurkeztea posterren aurrean jartzea baino. Ahozko komunikazioek arazo bat dute: jende askoren aurrean jokatzen duzu, baina hori ez da hain deserosoa. Azken batean, ez duzu hitz egiten pertsona jakin batzuen aurrean, entzuleria baten aurrean baizik; ez da gauza bera.

Baina posterrak beste gauza bat dira, egin duzuna ikustera hurbiltzen direnen aurrean jarrera harkorra erakustera behartuta zaude, azokako postuan dagoen saltzailearen eta Jehovaren lekukoen kale-predikatzailearen erdibidean egongo bazina bezala. Prest egon behar duzu zure lanean egin duzun aurkikuntza txikiaren berri ona mundura zabaltzeko, eta, aldi berean, zeure burua konbentzitu nahi duzu aurkikuntza txiki horrek ezagutzari ekarpen garrantzitsua egin diola. Inoiz ez dut ondo jakin egoera horietako batean dagoen lagunarengandik zer itxaron behar den. Eta kontua da badirela horretarako jaio diren lankideak; harrigarria egiten bazait ere, badira.

Ekitaldi instituzionalak are okerragoak dira. Izan ere, badira ingurune horren profesional petoak, normalean erantzukizun politikoren bat duten pertsonak, enpresaburuak, elkarteetako edo unibertsitateetako ordezkariak, eta abarrekoak. Ikusten dut naturaltasunez moldatzen direla, elkarri hitz egiten diotela aspalditik elkar ezagutuko balute bezala (agian aspaldiko ezagunak dira, izan ere). Eta inbidia ematen didate, zertarako uka. Pertsona horiek bezalakoa izan nahi nuke, trebea, atsegina, berritsu, sinpatiko, baita eleketaria ere izan gura nuke. Baina ezin.

Aipamen berezia merezi du futbol-estadioen palkoak; ez zait bururatzen ingurune absurdoagorik, eta, bizi dudan nire unibertso txiki honetan, oldarkorragorik.

Nonbait idatzia daukat egoera sozialetan gaizki moldatzen naizela. Eta egia da. Oso litekeena da hori nire zailtasunen oinarrian egotea aipatu ditudan ekitaldietan nire tokia aurkitzeko. Baina ez da hori bakarrik. Bada beste zerbait.

Bestalde, ez daukat batere zailtasunik auditorio batean jende askoren aurrean hitz egiteko, bertan dauden pertsona asko izanda ere. Horietako batzuetan urduritasun apur batez hasi naiz, baina ez da izan bilera sozialetan ezinegona eragiten didaten zioengatik. Entzuleria baten aurrean badakit nola jokatu. Badakit zer egin behar dudan. Urduri jar naiteke esan behar dudana ondo prestatu ez badut, duela urte asko, ordu erdi baino gutxiagoko ehunka pertsonaren aurrean inprobisatzeko agindu didatenean gertatu zaidan bezala. Orain zaila da horrelako zerbait gertatzea. Nolanahi ere, hori desberdina da, baina ez estresagarria. Ez baita soziala benetan.

Inoiz pentsatu dut “itxuratiaren sindrome” moduko bat dela traba egiten didana, elkartzen naizen pertsonekiko gutxiagotasun-sentimendu bat. Baina ez da hala. Ez naiz gutxiago sentitzen. Atzerritarra sentitzen naiz, horixe da, arrotza. Ondorio horretara iritsi naiz: etorri berria, goranahia, arrotza naizela azken batean.

Nire gogoz, agian eragina izango du emigrantea izateak. Herrialde honek ondo tratatu nau, are gehiago, oso ondo. Baita nire familiari ere. Baina ez dut baztertzen nire kanpoko jatorriagatik jarrera baztergarriak izan ditudan kasu gutxi batzuetan nire baitan zerbait utzi izana. 1970eko irailean Salamancatik atera eta Bilbora ekarri ninduen bidaiak deserrotze-sentimendua utzi zidan, eta nahiz eta benetako arazo bat izateko arinegi bilakatu den, mende erdi geroago ez dut guztiz gainditu.

Eta antzera, azkenaldian —lehen ez zitzaidan horrelakorik gertatzen— sentitzen dut egoera horietan bat egiten dudan pertsona askoren klase social berekoa ez naizela. Badakit , jakin ere, ez naizela behe-auzoko bakarra –‘El rollo’ pasealekua, Salamancan eta Cabieces auzoa, Santurtzin, periferiako periferiak ziren eta, seguraski, izango dira oraindik ere–, baina iruditzen zait gehienek beste jatorri bat dutela, iraganean ‘ordainpeko’ deitzen genion ikastetxe horietako batean hezia eta unibertsitate pribatu batean ikasia.

Baina aitortu behar dut sentitzen dudan arroztasun hori sakonagoa dela, nire ‘ni’ funtsezkoenari dagokiola, ez dela klase- edo hezkuntza-motarekin zerikusia duen zerbaiten ondorio. Kontua da arroztasun, alteritate, intrusismo sozialaren sentsazio hori hor dagoela, egoera sozial horietan une oro, etengabeki. Horrexegatik deitu diot ‘arrotzaren sindromea’ sentimendu horri. Horrela sentitzen naizelako, arrotz sentitzen naizelako, eta uste dut arrazoia dudanetik arrotza izan naizela.