Ezagunak ditudan lagun gehienak politikoki aurrerakoiak dira edo, aurrerakoitzat hartzen dute beren burua. Horietako askok pentsatzen dute, gainera, ezkerreko jendea moralagoa dela eskuinekoa baino. Norbere buruarekin lasai geratzeko moduko pentsamoldea da hori, zer esanik ez. Baina, ba ote du funtsik horrek?

Morala eta ideologiaren arteko harremanaz arituko naiz hemen, bai; Oinarri Moralen Teoriaren (MFT, ingelesezko siglak) laburpena aurkeztuko dizuet horretarako. Aurreko bi hamarkadetan Jonathan Haidt-ek eta bere lankideek garatu dute teoria hori, beste gizarte-psikologo batzuen aurreko azterketetatik abiatuta. Ea ondo egiten dudan eta argi azaltzeko gai naizen.

Teoria horren oinarrian dagoen ideia nagusia honakoa da: sentimendu edo intuizio moralak ezaugarri psikologikoak dira, eta ezaugarri horiek gure eboluzioan zehar aukeratu dira, giza-taldearen eta, ondorioz, taldeko gizabanakoen leinuaren jarraikortasuna sustatu dutelako.

Teoriaren arabera, zenbait sistema psikologiko daude gure etika intuitiboaren muinean. Eta bertuteak, narrazioak eta erakundeak sortzen dituzte kulturek sistema horien gainean. Horixe izango litzateke munduan diren sinesmen moralen jatorria. Sistema eta sineste moral horiek egokitze- edo moldatze-balioa izango lukete teoriaren arabera, taldekideen arteko lankidetza sustatzeko balioko luketelako eta, hartara, biziraupena eta ugalketa errazteko, eta, beraz, eboluzio-arrakasta lortzeko.

Oinarri Moralen Teoriak balio izan die ikertzaileei ideologia desberdinetako pertsonen berezko ezaugarri diren intuizio moralak karakterizatzeko. Hau da, oinarri horiek ez dute berdin eragiten pertsona guztien kode moraletan, eta, nahiz eta, noski, aniztasun handia dagoen, oinarri batzuk kontserbadoreei eta beste batzuk aurrerakoiei egotz dakizkieke neurri desberdinean.

Bere jatorrizko bertsioan, proposatzaileek honako bost oinarri moral identifikatu zituzten: zaintza, zuzentasuna (fairness), taldearenganako leialtasuna, autoritatea eta garbitasuna.

Zaintza, oinarri gisa, atxekipen-sistemen eta besteen mina sentitzeko gaitasunaren ondorioz garatu zen. Oinarri hori, ugaztunetan zehar hedatua dagoena, hainbat bertuteren oinarrian dago, hala nola atsegintasuna, adeitasuna eta hazierarako dedikazioa.

Zuzentasuna, elkarrekiko altruismoarekin lotuta dago. Haren bertuteak justizia- eta eskubide-nahia dira.

Taldearenganako leialtasuna gure historiaurreko gizarte tribaletatik datorren oinarria da. Taldeko kide izateak garrantzia hartzen duen egoeretan aktibatzen da. Azpian dauden bertuteak abertzaletasuna eta taldearen aldeko autosakrifizioa dira.

Autoritateak erro sakonagoak ditu, gizarte-elkarrekintza hierarkikoen historia luzeak moldatua baita. Lidergoa eta diziplina dira autoritatearen azpian datzaten bertuteak, eta itzal handiko autoritate-pertsonekiko urguritasuna eta tradizioekiko begirunea barne hartzen ditu.

Garbitasuna (purutasuna ere) nazkaren eta kutsaduraren psikologiak moldatutako oinarria da. Gorputza zikindua izan daitekeen tenplua da oinarri moral horren azpian dagoen ideia nagusia. Intuizio horren jatorria, biologikoa da argi eta garbi; hondatutako edo usteldutako materialen aurkako babesarekin lotuta dagoena. Hau da, patogeno-iturria denez usteldutako materia, kutsatzeari ekiditen dio intuizio horrek. Baina sexu-harremanen esparrura (pertsona ezezagunekin praktikatuz gero arriskutsuak direnak) hedatu zen eta, esparru horretatik, beste jarduera batzuetara transferitu. Autodiziplina, hobekuntza pertsonala, naturaltasuna eta espiritualtasuna bezalako bertuteen oinarrian dago.

Teoriaren lehen formulazioetan, zuzentasuna (fairness) ekitaterantz ­ —ezkertiarrek oso gogko duten printzipioa— lerratua ateratzen zen, baina, ondoren, ikertzaileak konturatu ziren proportzionaltasuna ere barne hartzen zuela fairness delako horrek. Baina printzipio hau, ekitatea ez bezala, era guztietako pertsonek maite dute, eskuindarrek neurri apur bat handiagoan behar bada. Beraz, bi oinarriak bereiztea erabaki zuten.

Ekitateak taldeko kide guztientzat tratu berdinaren aldeko intuizioetan du jatorria. Giza espeziearen leinua eta txinpantzearena —gizarte-egitura oso hierarkikoa dutenak— bereizi ondoren, historiaurreko giza taldeen konfigurazioarekin sortu edo indartuko zen berdintasunerako joera hori.

Proportzionaltasuna, bestalde, merezimendu edo taldeari egindako ekarpenengatik kide bakoitzak jasoko duen sariaren balioari dagozkion intuizioetan oinarritzen da.

Ekitatea eta proportzionaltasuna kontraesankorrak dira edo kontraesankorrak dirudite. Izan ere, joera ideologiko desberdineko lagunek oinarri bi horietako bat lehenesten dute normalean. Hala ere, iruditzen zait, hein batean behintzat, denok hautematen dugula bata eta bestea, dagoen kontraesanaz oso kontziente izan gabe. Ekarpen handiena egiten duena saritzea nahi dugu, baina, aldi berean, ez dugu gustuko tratu desorekatua merezimenduen arabera, bakoitzaren ekarpena, askotan, bere inguruabar bereziengatik oso baldintzatuta dagoela uste dugulako. Egia da, halaber, pertsona beraren lehenespenak desberdinak izan daitezkeela bera denean ekitatezko ala merituen araberako tratua jasotzen duena.

Honaino, Haidt-ek eta bere lankideek euskarri enpiriko sendoa aurkitu omen duten oinarriak ikusi ditugu. Baina beste oinarri moral gehigarriak proposatzeko ebidentziak badirela iradoki dute. Jarraian aurkeztuko ditut horiek.

Askatasuna. Jendea baztertzearen aurkako sentimenduetan oinarritzen da, haiek menderatzen edo haien askatasuna mugatzen dutenekiko. Neurri batean, autoritatearen oinarriaren aurkakoa da hau.

Ohorea, amodio propioan eta taldeko besteek norberari buruz duten iritzi, ospe eta balorazioan oinarritzen da.

Jabetza, zeinaren azpian dagoen intuizioa taldeko kide bakoitzaren ondasunak errespetatzeko nahia baita. Beste animalia batzuekin paraleloa den intuizioa da. Izan ere, eboluzioaren aldetik egonkorra den estrategiatzat hartzen da.

Haidt-en taldeak aurkitu duenez, zaintzarekiko eta ekitatearekiko sentikorragoak dira aurrerakoiak, eta ez garbitasunarekiko, autoritatearekiko eta taldearenganako leialtasunarekiko; kontserbadoreentzat, berriz, antzeko garrantzia dute oinarri guztiek; libertarioak sentikorragoak dira askatasunarekiko eta jabetzarekiko, eta ez garbitasunarekiko, autoritatearekiko eta taldearenganako leialtasunarekiko (horretan, aurrerakoien antzekoak dira).

Interes akademikoa du azaldutakoak, noski, eta baliozkotasuna onartzen bada, praktikoa izan liteke ere. Normalean, gureak ez diren aukera ideologikoak iraintzen ditugu, eta motibazio berekoiak edo gaiztoak leporatzen dizkiegu, baina, egia esan, kontua da besteen moralaren oinarriak ez direla gureak. Horretan datza joera ideologikoen arteko aldeak, batez ere.

Teoria honek kritikak jaso ditu hainbat ikuspegitatik, eta ni, ezjakina izanik, ez naiz ausartzen haren baliozkotasunari buruz ezer esaten, baina, aitortu behar dut oinarrien korrespondentzia ideologiko horiek sinesgarriak iruditzen zaizkidala, ideologia desberdinetatik ezagutzen ditudan pertsonen portaera eta balioak interpretatzeko moduan egokitzen baitzaizkit. Horregatik, baliozkotzat joko dut hemen adierazi nahi dudanaren ondorioetarako.

Teoria horri buruz gehiago jakin nahi duenak, hemen txertatutako esteketara jo dezake edo Jonathan Haidt-en ‘The Righteous Mind‘ (La mente de los justos) liburua irakurri.