Manuel eta Carmenen semea naiz, Robertoren anaia, Aintzaneren senarra, eta Íñigo eta Amaiaren aita.

Biologoa naiz eta fisiologiako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.

Salamancan jaio nintzen 1960an; hori bai, 1964 baino lehen bizitakoaz ez dut deus ere gogoratzen. Orduz geroztik, antzeko iraupeneko etapa batzuen segidan banatu daiteke nire ibilbidea. 1965etik 1977ra oinarriak estudiatu edo ikasi nituen. 1977 eta 1986 artean unibertsitateko prestakuntza garaia izan zen.

Argazkia: Iñigo Sierra

Hirugarren etapak, 1986 eta 1997 artean, unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketara bideratutako ibilbide akademikoa islatzen du. Laugarrenean, 1997tik 2009ra, unibertsitate-kudeaketa eta gobernuan aritu nintzen batez ere. Kultura zientifikoa sustatzea eta zientziaren gizartearekiko harremanak eta garapen zientifikoaren inplikazio sozialak aztertzea eta hausnartzea izan da nire eginkizun nagusia 2009an hasitako bosgarrenean.

Salamancako San Estanislao de Kostka ikastetxean egin nituen lehen hezkuntzako ikasketak. 1969an nire familia Bizkaira etorri zen bizitzera. Bilboko Errekalde auzoko (1.) eta Portugaleteko (2., 3. eta 4.) institutuetan egin nuen oinarrizko batxilergoa. Goi mailako batxilerra (5., 6. eta COU) ere egin nuen Portugaletekoan.

1977ko irailean Bilboko Unibertsitate Autonomoko Zientzia Fakultatean eman nuen izena Biologia ikasteko eta 1982an amaitu nituen lizentziatura ikasketak. 1982an lizentziatu nintzen 1980az geroztik Euskal Herriko Unibertsitatea deitzen den unibertsitatean. 1983an doktorego ikasketak egiten hasi nintzen Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker. Doktorego tesia 1986an defendatu nuen.

1985ean animalien fisiologia irakasteko kontratatu ninduten. Harrezkero arlo honetako irakasgaiak ematen ditut. 1986tik aurrera ikerketa proiektu desberdinetan hartu nuen parte.

UPV/EHUko Animalien Biologia eta Genetika Saileko idazkari kargua izan nuen 1993ko uztailetik 1994ko ekainera eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanordea (1994ko ekaina eta 1997ko ekainaren artean). Gero, Euskara errektoreorde kargua hartu nuen (1997ko ekainetik 2000ko otsailera). Animalien Biologia eta Genetika Saileko zuzendari aukeratu ninduten gero (2001eko martxotik 2003ko martxora), eta UPV/EHUko errektore 2004ko apirilean hautatua izan nintzen; 2004ko maiatzetik 2009ko urtarrilera arte izan nintzen karguan.

2010eko urrian Kultura Zientifikoko Katedra sortu zen UPV/EHUn eta, harrezkero, bertako zuzendaria naiz. DIPCren kidea ere banaiz.

Unibertsitateko jarduerez gain, unibertsitatetik kanpoko erakunde desberdinetan esku hartu dut 1999az geroztik. Honako hauek dira:

EiTBko Administrazio Kontseiluko kide, UPV/EHUren ordezkari gisa (1999-2013).

Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide (2000-2002).

Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluko kide Espainiako Senatuak aukeratua (2002-2004).

Eusko Ikaskuntzako Bikaintasun Sozialaren Kontseiluko kide (2006-2008).

UPV/EHUko Uda Ikastaroen Fundazioko Patronatuko kide (2009-2022).

Círculo Escéptico elkarteko kide (2010-).

Elhuyar Fundazioko Patronatuko kide (2012-2014).

Jakiunde, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia, (2012-); 2020ko azaroan presidente hautatu ninduten.

Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen Batzorde Zientifikoko lehendakaria (2014-).

Ikerbasque, Zientziarako Euskal Fundazioko Patronatuko kide (2015-2017).

Asociación Española de Comunicación Científica elkarteko kide (2015-)

FECyT, Espainiako Zientzia eta Teknologiarako Fundazioaren Kontseilu Zientifiko eta Teknologikoko kide (2015-2019).

The Conversation Espainia” hedabidearen Aholku Kontseiluko kide (2018-) eta 2020ko maiatzetik aurrera, lehendakari.

2001eko irailetik 2003ko otsailean epailearen aginduz itxi zuten arte, Euskaldunon Egunkarian (Seiko Urrea atala) asteroko zutabe batekin kolaboratu nuen gaurkotasuneko gai politikoen inguruan. Eta urte bereko ekainetik azarora, Berria egunkarian beste zutabe batekin (Zorroztarri atala). 2009an hasi nintzen noizean behin El Correo eta Deia egunkariekin kolaboratzen, gaurkotasuneko gaietan ere. 2010eko urritik 2013ko abendura arte, iritzi zutabe egonkorra idatzi nuen Deian (Un tal Pérez), astero hasieran eta gero bi astero.

Unibertsitateari eta zientziari buruzko zenbait libururen egilea edo egilekidea naiz. Azken urteetan zientziaren dibulgazio artikuluak eta zientzia zutabeak argitaratu ditut hainbat euskarritan, batez ere digitaletan, hala nola Naukas, Vozpópuli edo The Conversation hedabideetan. 2013ko abendutik 2023ko urtarrilera, #con_ciencia izenburuko zutabearekin kolaboratzen dut, Deia egunkarian. Zientzia gaiei buruzko irratsaiotan hartu edo hartzen dut parte (Onda Vasca, Radio Euskadi, Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta Onda Cero).

2019an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Artea eta Gizarte Zientzien Saria eman zidaten.