Unibertsitateko ikasgeletan ikasi nuen norbaitek adierazpen nahasi eta ilunak erabiltzen dituenean, zer azaldu nahi duen oso argi ez edukitzearen adierazlea dela gehienetan. Arau horrek bizitzaren gainerako esparruetan ere balio duela egiaztatu dut gero. Arau bera betetzen da norbaitek behar adina ezagutza ez duenari buruzko zerbait azaldu edo jakinarazi nahi duenean ere. Baina transmititu nahi dena egiazko edukirik gabeko mezua denean ere funtzionatzen du, hau da, kea denean, ezer ez dagoenean, hitz hutsak baino ez direnean eta, hala ere, adigai edo ideia koherenteren gabeziak pentsamendu sakonaren itxurak egin nahi dituenean ere.

Horrek ez du esan nahi adierazteko zailak diren ideia konplexurik ez denik. Jakina badirela, batez ere ezagutzaren eremu oso berezituetan sartzen bagara. Hasteko, terminologia bera zailtasun larria izan daiteke, menderatu egin behar baita edukia duen diskurtsoa sortu ahal izateko. Baina kasu horietan ere ez da beharrezkoa hizkuntzaren forma ilunak erabiltzea. Iluntasuna eta zailtasuna ez dira gauza bera. Iluntasunak ezkutatu, nahastu eta ulermena eragozten du. Zailtasunak ahalegin handiagoa eskatzen du, baina ez du zertan modu nahasian, ilunean, adierazi.

Horregatik, itxurakeria intelektualak erraz atzematen dira, hizkera nahasi eta ilunaz jantzita aurkezten direlako. Balio handiko adigaiak, aldiz, modu erraz eta argian adierazten dira normalean. Eta nolabaiteko hedadura behar badute, modu ordenatuan esaten dira.

Sir Francis Bacon

Duela bost mende Francis Bacon politikari eta pentsalari ingelesak egindako ideia batekin lotuta dago printzipio hori. Bere hitzetan: «egia errazago sortzen da akatsetik nahastetik baino

Argitasunaren kontrakoa da nahasmendua. Zaila da proposamen nahasgarrien aurka egitea. Izan ere, aurka egin ahal izateko, ulertu egin behar da, eta horretarako argi adierazia izan behar da. Hori dela eta, ideia okerrari –argi azalduta baldin badago– kontra egin dakioke eta, hortik abiatuta, ideia zuzenera iritsi. Proposamen nahasia ulertzea, berriz, oso zaila da eta, beraz, zaila ezeztatzea ere. Horrela ez da erraza –edo, areago, posiblea ere– egia aurkitzea.

Horregatik da hain nahasgarria itxurati intelektualen mintzaldia. Txibiaren taktika erabiltzen dute: jaurtitzen duten tintak ez du aukerarik ematen baieztatzen duten ideia zuzena edo okerra ote den egiaztatzeko, adierazten dutena egokia den ala ez ikusteko. Itxuratiak ez du aukerarik ematen berbaldiaren atzean ideiaren bat ote dagoen ala, aitzitik, edukirik gabeko hitzontzirik baino ez ote dagoen atzemateko.

Hori horrela izanik, ez naiz fida esamolde aldebresak, berbaldi nahasiak, baieztapen ilunak, ordenik gabeko testuak irakurtzen edo entzuten ditudanean. Eta honako printzipio hau aplikatzen dut: zerbait ulertzen ez dudanean, pentsatzen dut hori ez dela zuzena edo, areago, ez dela existitzen; bestela esanda, kea dela. Sakona izateko iluna ez baita izan behar.

P. S.: Itxurati intelektualak harroak eta pedanteak izaten dira. Pedantetzat hartzen dut modu desegokian hitz eta adierazpen goratuak erabiltzen dituena edo testuinguru edo hizkuntza-maila desegokietan erabiltzen dituena, ez modu egokian eta dagokion tokian erabiltzen dituena.