Kandelaria
“Kandelario egunean eguzkia ikusi baino, otsoa ardi tartean ikusi nahiago” (9751. atsotitza Gotzon Garateren bilduman)
Gaur, otsailaren bi da, Kandelaria eguna; Hartzaren eguna Europan, eta Marmotarena Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko zenbait herritan. Gaztelaniazko esaera zaharrak hartzari buruz esaten du «Kandelarian hartzulotik irteten da hartza eta hotza egiten badu, berriro sartzen da hartzulora».
Esaera zaharrik gabe, oso antzekoa da Pensilvaniako Punxsutawney herrian marmotaren inguruan gaurko egunean egiten dutena. Tradizioari jarraiki, gaur aterako dute marmota gordelekutik eta egingo duen keinuaren bidez, “iragarri” egingo du oraindik gelditzen diren neguko egunak gogorrak izango diren ala ez; hau da, egingo duen eguraldia “asmatuko” du, nonbait, Phil marmota famatuak.
Marmotaren egunarena, alemanek Ameriketara eraman zuten ohitura zahar bat da. Hortaz, ez da txiripa, inondik ere ez, marmotarena eta hartzarena egun bera izatea, jatorriz, Europako ohiturak direlako biak.
Neguko egun gogorrak amaitu arte gelditzen den denbora asmatu nahia da bi tradizio horien oinarrian dagoena, beraz. Gaztelaniazko esaera zaharra, hartzaren lozorroaren amaierari buruzkoa da, eta Phil marmotaren tradizioa, bere hibernazioaren bukaerari dagokio. Beraz, hibernatzen duten ugaztunek lozorroari uztea ala ez uztea aukerari dagokio Europako tradizioa.
Oso toki hotzetan bizi diren ugaztun askok, –baina ez guztiek–, hibernatu egiten dute. Bizimodu normala dute apiriletik irailera arte eta irailean gordelekuan sartu, gorputz-tenperatura jaitsi, minimo batera beheratzen dute metabolismoa eta ez dute jarduera muskularrik. Horixe da hibernatzen duten animaliek egiten dutena. Energia asko aurrezten dute horri esker, hori baita jarduera murrizteko zioa.
Kandelario egunean Euskal Herriko zenbait tokitan mezaren ostean neska-mutil koxkorrek abesten zuten kanta ekarri dut hona:
“Kandelarioz euria
Laster da udabarria.
Kandelarioz aterri
Negua dator atzeti.
Kandelario lario
Hatxari ura dario,
Errotari uruna
Hauxe da guk behar doguna.
Kandelarioz eguzki
Negua dago aurreti,
Kandelarioz edurra
Joan da neguaren bildurra.
Kandelarioz bero
Negua dauko gero,
Kandelario hotz
Negua joan da motz.
Kandelario lario
Hatxari ura dario,
Makatzari madari
Eustsi Peru hankeari.”
Neguari gelditzen zaizkion egunetan eguraldi ona ala txarra egingo ote duen da kantaren gaia. Beraz, kanta honetan ez da agertzen ez hartza ez eta marmota ere, baina beste bide batez iragarri nahi da egingo duen eguraldia. Txiripa? Ez dut uste. Badirudi neguko erdiguneko egunetan, Europa osoan saiatu direla neguari gelditzen zaizkion beste erdiko egunetarako eguraldia asmatzen. Ez da harritzekoa.
Bihar, hilak hiru, San Blas eguna izango da, eta gure tradizioan badugu gaztelaniazko “por San Blas la cigüeña verás, y si no la vieres, año de nieves” esaera ere. Horretan, animalia baten jokabideari ere erreparatzen diogu, oraindik aurrean dugun neguaren gogortasuna iragartzen saiatzeko. Eta hilaren laua Santa Ageda bezpera da, euskal tradizioan, koadrilak kalera ateratzen diren eguna, santari kantatzera eta makilekin lurra jotzera, natura esnatzeko eta dagoen lozorrotik ateratzeko, behingoz.
Hala ere, tradizio horiek guztiek zentzua gal dezakete azkenean. Planeta gero eta beroago dago. Glaziarrak desitxuratzen diren bezala eta almendrondo eta gereziondoen loraldia aurreratzen den bezala, beste fenomeno natural batzuk ere eraldatzen ari dira. Zenbait herritan migratzeari utzi dioten edo itzulera aurreratzen duten hegaztiak daude. Agian zikoina San Blas egunean ikusiko dugu, baina ez da izango goiz iritsi delako, joan ez delako baizik.
Azken urteotako batzuetan hartzek ez dute hibernatu. Eta Pennsylvaniako marmotei ere gauza bera gerta dakieke azkenean. Orduan ez du zentzurik izango hartzaren edo marmotaren egunak ospatzeak. Ezta Santa Ageda bezperan makilak erabiliz lurra kolpatzeak ere.
Mundua gero eta arrotzagoa izango da.
Iruzkinik ez "Kandelaria"