Eguzki Erregea ezkutatu egingo da hilaren 12an
Tintin, Haddock eta Tornasol irakaslea pira batean hiltzera kondenatu ditu Eguzkiaren printzeak, inken jainkorik gorena den Inti astro erregearen izpiek piztuko duten piran hain zuzen. Eguzkiaren printzeak exekuzioaren ordua aukeratzen utzi dio Tintini. Tintinek badaki egun horretan eguzki-eklipse oso bat egongo dela eta eklipsea gertatuko den unea aukeratzen du exekuziorako. Ilargiak gure planetara jaurtitzen duen itzala gailendu eta eguzki-argia desagertzen denean, printze inkak, izututa, abenturazale gazteak Eguzkia menperatzen duela uste du, eta berriz agertzeko agindu diezaiola eskatzen dio. Tintinek itzul dadila oihukatzen dio astroari, eta eklipsea amaitzen denean, Inkak askatu egiten ditu hiru lagunak.

Hergéren lanik ezagunenetako baten —Le Temple du Soleil-ren— pasarte baten azaleko deskribapena da aurreko paragrafoan esandakoa. Pasartea oso ondo legoke, gutxienez bi eragozpenengatik ez balitz. Hergéren albumean ezkerretik eskuinera mugitzen da Ilargia Eguzkiaren aurretik, ipar hemisferioan eklipsea gertatuko zen bezala, baina ekuatorearen hegoaldean Ilargia kontrako noranzkoan mugitu behar zen. Bestalde, inkak astronomo bikainak ziren eta bazekiten eklipseak iragartzen; beraz, gertakaria, oso aproposa iruditzen bazaigu ere, ez da sinesgarria. Jakina, ez genuke egiantzik espero behar, batez ere, hasieratik onartzen badugu XX. mendean bertan egiten dutela topo , agian kolonaurrekoak ziren inkak Tintinekin eta bere lagunekin. Narratibak bere arau propioak ditu, eta jakin badakigu ez dutela zorroztasun zientifiko edo historikora egokitu beharrik.
Nolanahi ere, gera gaitezen kontatutako pasarteak transmititzen duen sakoneko ideiarekin. Historian zehar, eklipseek liluratu eta, sarritan, izutu egin dituzte, kausak ezagutu gabe eta aurresan ezinik, beren garapenaren lekuko izan zirenak.
Duela mende batzuetatik hona, eklipseak aski ezagunak eta guztiz aurreikusgarriak dira. Aldian behin gertatzen da Ilargia Eguzkiaren eta Lurraren artean jartzen den kointzidentzia horietako bat, eta, ondorioz, Eguzkia, zati batean edo osorik, ezkutatu egiten da gure begi bistatik. Ilargiaren itzalak eragotzi egiten du eguzki-argia guregana iristea.

Eguzkiaren diametroa ilargiarena baino laurehun aldiz handiagoa da, eta, beraz, baten batek galde dezake, arrazoi osoz gainera, nola den posible hain objektu txiki batek eguzkia bezalako objektu handi bat erabat ezkutatzea. Kontua da Ilargiak gugandik duen distantzia baino laurehun aldiz urrunago dagoela Eguzkia gure planetatik. Kasualitate miresgarri horri esker, Eguzkiaren eklipse osoak bezalako esperientzien lekuko izan gaitezke Lurrean.
Eklipseek historia handia dute atzean, eta zientzia handia, jakina. Baina gaur zientziaren historiako pasarte bati buruz hitz egitea dagokit, gure gremioan ongi ezagutzen dena, baina agian ez hainbeste gremioaren bazterretatik kanpo. Izan ere, masadun objektuekin gertatzen den bezala, grabitateak argiari ere eragiten diola izan zen Einsteinek erlatibitatearen teoria orokorra formulatu zuenean atera zuen ondorioetako bat.
Erlatibitatearen teoria orokorraren arabera, materiaren presentzian espazio-denbora ez da laua, kurbatua baizik, eta grabitate-eremu gisa hautematen da kurbatze hori. Bestela esanda, grabitatea espazio-denboraren deformazio bat da, indar bat bezala hautematen duguna. Eta deformazio horrek masadun objektuei eragiten die, baita argia bezalako erradiazio elektromagnetikoei ere. Horregatik, teoriak aurreikusi zuen argi-izpi bat Eguzkia bezalako objektu masibo baten inguruan kurbatzen dela.

Erlatibitate orokorraren teoriaren lehen egiaztapen enpirikoa iragarpen hori egiaztatzea izan zen. Hori horrela, 1919 eta 1922ko eklipseak behatzeko espedizio zientifikoak antolatu ziren zenbait izarren posizioa ezartzeko Eguzki eklipse oso baten garapenean zehar. Eklipsea beharrezkoa zen, hura gabe, egunez (eguzkiaren alboan) izarrak ikusezinak izango zirelako eta ezin izango zirelako haien ageriko kokapenak zehaztu. Hilabete batzuk geroago, (itxurazko) kokapen horiek izar horienekin alderatu ziren, gauez eguzkitik urrun zeudenean. Egiaztapenek Einsteinen iragarpenak berretsi zituzten, eta hori izan zen bere teoriaren lehen egiaztapena.
Hilaren 12an eguzki-eklipse osoa biziko dugu Euskadiko zati handi batean, Iberiar penintsulako eremu zabaletan eta Balear Uharteetan. Arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera gertatuko da, iluntzetik oso gertu. Oso denbora gutxi iraungo du, segundoak edo, gehienez, bi minutu baino pixka bat gutxiago, kokapenaren arabera. Esperientzia gogoangarria izango da, batez ere zorionekoak bagara eta ostertzaren ikuspegi zabala badugu, gure inguruan mendirik edo leku garairik izan gabe. Eta hodeiek eragozten ez badute, noski. Baina kasu honetan ere eta fenomenoa zuzenean ezin badugu ikusi ere, iluntasun osoaren etorrera esperientzia paregabea izango da.
Duela hilabete batzuetatik hona, Eusko Jaurlaritzak, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen artean, informazio eta ezagutza ugari eskaini du eklipseei buruz. Webgune honen eta gure autonomia erkidegokok hainbat herritan barrena ibili den infografien erakusketa ibiltariaren bidez egin du. Horrez gain, duela aste batzuk informazio-kanpaina bat ere abiarazi zuen komunikabideetan eta sare sozialetan.
Bide horien bitartez, ezagutza eta informazio zientifikoaz gain, eklipse bat behatzeak dakartzan arriskuez ohartarazi nahi izan dugu. Bat gure osasunerako: Eguzkia zuzenean behatzeak kalte konponezinak eragiten ditu erretinan. Horregatik, eguzkira ez da betaurreko homologaturik gabe begiratu behar. Ez du balio erradiografia batek, ezta kristal ketu batek edo eguzkitako betaurreko batzuek ere. Funtsezko prebentzio-neurria da hori.
Eta beste arriskua trafikoari dagokio. Europako beste herrialde batzuetatik datozen milioi bat ibilgailu baino gehiago espero dira eklipsea ikusteko. Horregatik, egun horretan behatzeko kokapen egokiaren bila joan-etorririk ez egitea gomendatzen dugu. Ez dago zehaztasunez iragartzerik zein izango diren kokapenik bisitatuenak, ezta egun horietan gehien erabiliko diren ibilbideak ere. Baina esperientziak erakusten digu milaka eta milaka lagun joango direla eguzkiaren itzalaren bila. Horregatik, gure bizilekuan geratzea gomendatzen dugu, eta, hala badagokio, esperientziaz gozatu ahal izango dugula uste dugun lekuetara, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joatea.
Eguzki eklipse osoa ikusteko zortea izan dutenek esperientzia hunkigarria bizi izan dutela diote. Pentsa dezagun eta balora dezagun fenomenoaren ezagutzan dagoen zientzia; senti dezagun emozio hunkigarri hori, katartikoa ziurrenik; baina, batez ere, egin dezagun osasuna eta segurtasuna arriskuan jarri gabe.
Iruzkinik ez "Eguzki Erregea ezkutatu egingo da hilaren 12an"