Herri honek ez du erremediorik.

Arrazoi demografikoengatik bost edo hamar urte barru egongo den langile –eta Gizarte Segurantzako kotizatzaile– eskasiaz ohartarazten duen hedabide berak atzo jakinarazi zuen lan kualifikatuak laster desagertuko direla, adimen artifizialek egingo dituztelako.

Beste hedabide batek automobilen esportazioan beheraldia aurreikusten zuen muga-zergengatik, eta handik egun batzuetara esaten zuen marka jakin bateko autoen esportazioak hondamendia saihestu zuela.

Jaun Laranjak munduko merkataritzaren taula astindu du eta mundua hankaz gora jarri; mundua, guk ezagutu genuen bezala bederen, ez da existitzen jada. Horrela, hitz horiekin esan digute. Bihar, baina, berdin jarraituko du bizitzak. Burtsak gora egingo du.

Izan ere, Queenseko mutilak AEBetako hauteskundeak irabazi zituenetik, burtsak ea etenik gabe egin du gora. Ekonomiaren termometroa omen da burtsa, edo, hobeto esan, ekonomiaren barometroa, inbertitzaileen konfiantzaren berri ematean, datorren eguraldi (ekonomikoa) aurreratzen duelako.

Hau guztia dela eta, bi kontu ditut gogoan. Bat mediatikoa da. Bestea, funtsean, zientifikoa.

Goazen mediatikoarekin. Hedabide nagusien titularrek diotena kontuan hartzen badugu –Euskal Herrikoek, behinik behin–, etengabe galtzen ditugu posizioak, betiere beste eskualde batzuekin eta, batez ere, Madrilekin alderatuta.

Industria-jarduera izan zen atzo. Atzerriko inbertsiorik eza, gaur. Esportazioak izango dira bihar. Enplegua, etzi. Biharamunean, burmuinen ihesa.

Adierazle horietako bakoitzak, aditz asaldagarri samarra eta beheranzko norabidea izaten du sistematikoki. Burtsaren hondamendia. Esportazioak hondoratu egin dira. Enpresen mozkinak, amildegitik. Merkataritza, gainbeheran. Gizarte Segurantzako kidetzea, maldan behera. Lan egindako orduak erori egin dira.

Jada ez dira jaisten, murrizten, mugatzen, beheratzen, galtzen. Aditz horietako bakar batek ere ez du balio, aseptikoak diren aldetik, inguratzen gaituen errealitatearen gordintasuna adierazteko. Drama falta zaie, intentsitatea.

Dena okerrera doa, ezinbestean. Goranzko norabidea adierazten duten aditz bakarrak zein diren badakizu: prezioen aldaketaren berri ematen dutenak –etxebizitzarena, batez ere –, baita lan-absentismoarena ere.

Badirudi Euskal Herria etengabeko gainbeheran dagoela eta, dirudienez, konponezina dela. Ezereza dugu zain.

Izenburuetako hilarri-adierazpenak, aurrekoak bezala, augurioaren atarikoak dira. Batzuetan ez da beharrezkoa esplizituki adieraztea. Hondamendi pronostikoa titularraren tonutik eratortzen da modu naturalean.

Egunkarien eta solasaldien ekonomiaren egoerari buruzko balorazio “jakintsuek” titularren edukia azpimarratzen dute. Eta etorkizuna iragartzeko erabiltzen dira.

Eta hemen dago beste kontua, alegia zientifikoa. Bai, ekonomiak ondo egiaztatutako erregulartasun batzuk baditu. Eta badira aurreikus daitezkeen joera orokor batzuk. Adibidez: Banku Zentralak diruaren prezioa igotzen badu, inflazioa jaisten ohi da. Baina hortik, zenbait ustetan oinarrituta, gertatuko denaren iragarpen fidagarriak egin ahal izateraino, tarte luzea behar da. Luzeegia.

“Ez da erraza iragarpenak egitea, batez ere etorkizunari buruz” utzi zuen zuhurki esanda Yogui Berrak (fisikariek Niels Bohr-ek esan zuela esan arren, ez kasurik egin, ia segurua da apotegma Berrarena izatea). Batez ere, iragarpen horiek aldagai askok eragiten duten sistemei buruzkoak badira, eta sistema horietan burua behar bezain orekatua ez duten gizaki zenbaitek esku hartzen badute. Nazioarteko sistema ekonomikoa da horietako bat.

2019ko abenduan, 2009ko eta 2013ko krisien ondorio txarrenak gaindituta, urte onak etorriko zirela sinetsita geunden. Oso zoriontsu agindu genizkion elkarri, birus korodun bat Txinako eskualde batean kontrolik gabe ugaltzen ari zen bitartean. Hiru hilabete geroago, zorioneko koronabirusak mundua gelditu zuen. Egin kasu Yogi Berrari.

Ez dakit beste nonbaitetan horrelakorik gertatzen den. Baina gure herri txiki hau oso gaizki joango da, titularrei kasu egiten badiegu. Nik Van Gaal sindromea deitzen diot.