Euskal unibertsitateak: errendimendu akademiko handia eta kalitatezko enplegua
Lerrootako izenburua irakurrita, pentsatuko duzu ondo hitz egiten dudala euskal unibertsitateez, arlo horretako sailburu naizen aldetik, horixe baita dagokidana. Eta egia da, noski. Baina, era berean, ondoren kontatuko dizuedana ez da asmakeria bat, ezta ipuin bat ere. Datuak dira.
CyD Fundazioak eta Eustatek txosten bana argitaratu berri dute euskal unibertsitateei buruz, eta oso adierazle akademiko eta laboral onak ematen dituzte. 2021ean amaitutako unibertsitate-ikasleen laneratzeari buruz Lanbidek egindako azken inkestaz eta CYD Fundazioaren Espainiako unibertsitateak: Ikuspegi autonomikoa. 2025 Euskadi txostenaz ari naiz.
Hasteko, Ez dugu ahaztu behar Euskadi dela unibertsitateko tituludunen proportzio handiena duen autonomia-erkidegoa. 16 urtetik gorako biztanleriaren ia erdiak eta biztanleria aktiboaren ia bi herenek unibertsitate-ikasketak amaitu dituzte. Unibertsitateko benetako ikasketez ari naiz, ez Espainiako farandula politikoko pertsonaia batzuek euren curriculumetan erakusten dituzten horietaz; horregatik zehaztu dut osatu dituztela ikasketok.
Euskadi bigarren dago ikasketak aurreikusitako denbora teorikoan amaitzen dituzten graduko tituludunen ehuneko handiena duten autonomia-erkidegoen artean ( % 51,4, Estatuko aurrez aurreko unibertsitateen % 42,7ren aldean), eta laugarren masterreko tituludunen artean ( % 82,1 eta % 74,8, hurrenez hurren).
Gainera, % 29rekin, STEM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) graduatutako ikasleen ehuneko handiena duen bigarren erkidegoa da, ia Asturiasen parean ( % 29,5) eta Estatuko batez bestekoaren oso gainetik ( % 21). Gainera, ingeniaritzako titulazioen sailkapenaren buruan dago, % 17ra iristen baita, Espainiako batez bestekoaren % 9aren aldean.
Laneratzea
Euskal unibertsitateetan titulazioa dutenen laneratzea da gure unibertsitate-sistemaren indargune nabarmenetako bat. Lanbideren Laneratzeari buruzko Inkestak 2021eko promozioaz adierazten duenez, ikasketak amaitu eta hamaika hilabete geroago, batez beste, enplegu bat zuten eta hiru hilabete behar izan zituzten aurkitzeko.
Ikasketak amaitu eta hiru urtera, ikasleen % 87k bere kualifikazioari egokitutako enplegua lortu zuen; % 77k, berriz, bere titulazioari zuzenean lotutako lanpostu batean lan egiten zuen. 2024aren amaieran, 2021eko promozioaren % 91k bazuen enplegua, eta % 6k prestakuntza jasotzen jarraitzen zuen.
Datu horiek baloratzerakoan, komeni da kontuan hartzea zerikusia duten bi aldeak, gure unibertsitateetan titulazioa dutenak eta kontratatzen dituztenak. Enplegu-maila handia, alde batetik, langile kualifikatuen beharraren ondorioa da –enplegu egokituaren datuek lehen baieztapen hori bermatzen dute–, eta, bestetik, tituludunen ikasketa-maila onaren ondorioa –errendimendu akademikoaren datuek adierazten duten bezala–. Beraz, bi faktore horiek bat egiten dute egiaztatutako prestakuntza-mailarekin bat datozen lanpostuetan laneratze-maila handian.
CYD Fundazioaren txostenaren arabera, Euskadik laugarren ehunekorik handiena du titulazioari egokitutako enplegu-estatuan, eta urteko diru-sarrera handienak lanaldi osoko lanagatik. Masterretan ere emaitzak onak dira: bosgarren postuan dago kontratu mugagabeetan, laugarrenean lanaldi osoko kontratazioetan eta laugarrenean urteko batez besteko kotizazio-oinarrian.
Inor ez da harrituko, halaber, Euskadin laneratzeari buruzko daturik onenak ingeniaritzan eta industriarekin eta eraikuntzarekin lotutako gaietan graduatu direnei dagozkienak izatea, eta ondoren informatikan eta osasunaren arloko diziplinetan graduatu direnei dagozkienak.
Gainera, enplegua gero eta egonkorragoa da. Lanbideren arabera, 2021ean titulua lortu zutenen % 61ek kontratu finkoa du (gizonen % 68k eta emakumeen % 55ek). Datu horiek ikusgarriak dira, nire kasuan bezala, 1982an lizentziatu eta denetarik ikusi duenarentzat, talentuzko pertsonak atxikitzeko enpresek duten interesaren ondorio baitira. Langabezia-tasa % 9koa da, baina batez besteko horrek alde handiak ezkutatzen ditu jakintza-arloaren arabera[1].
Soldatei dagokienez, CyD Fundazioaren arabera, 2021eko promozioko batez besteko soldata garbia (lanaldi osokoa) 1.751 €koa da. Gizonek 1.820 € irabazten dituzte batez beste, eta emakumeek 1.693 €. Ingeniaritzan, industrian eta eraikuntzan graduatutako ikasleen urteko batez besteko kotizazio-oinarria Estatuko aurrez aurreko unibertsitateena baino 1.400 € handiagoa da, gutxi gorabehera.
Datu multzo hori –unibertsitaterako sarbide handia, errendimendu akademiko garaia, langabezia-tasa txikia, enplegu egokituaren ehuneko handia, lan-egonkortasunaren hobekuntza nabarmena, eta soldata altuak–, neurri handi batean, kalitatezko hezkuntza-sistemaren –ez bakarrik unibertsitatekoa–, unibertsitate onen, eta ikasketa-eskaintza zabal, orekatu, askotariko eta osagarriaren emaitza dira. Etorkizunari begira, beraz, ahal dugun guztia egingo dugu ezaugarri horiek babesteko.
[1] Ikasketa teknikoak: % 3, osasun-zientziak: % 5, diziplina ekonomiko-juridikoak: % 7; zientzia esperimentalak: % 11, humanitateak: % 15, gizarte-zientziak: % 16.
Iruzkinik ez "Euskal unibertsitateak: errendimendu akademiko handia eta kalitatezko enplegua"