Mendebala bidegurutzean
Hemen azaldu nahi dudan ideia, bere sinpletasunagatik, okerra da ziurrenik. Alde batetik, ideia sinpleek errealitatea ez ohi dute islatu, azken honek –errealitateak– konplexua izateko ohitura txarra baitu. Eta bestetik, irakurrita izan beharko nukeelako. Baina ez, ez dut irakurri, ez behintzat gogamenean formulatu eta ondorengo lerroetan adierazten dudan moduan. Horregatik eta burutik joaten ez zaidalako, idatziz jarri dut hemen.
Mendebaldeko zibilizazioaren hasiera
Aro arruntaren aurretik (hemendik aurrera, a.a.a.) mila bat urte lehenago feniziarrek idazkera alfabetikoa sortu eta Mediterraneoan zehar hedatu zuten. Bi mende geroago, greziarrek ukituak eman zizkioten eta bokalak gehitu zizkioten. Zehaztasuna eta adierazkortasuna irabazi zituen horrela. Mediterraneoan zehar ere hedatu zuten, eta, agian, baita Ekialderantz ere. Horrela, ezagutza aurreko idazkera logografikoekin (kuneiformeak Sumerian eta hieroglifikoak Egipton) baino azkarrago eta eraginkortasun handiagoz transmititu ahal izan zen a.a.a. III. milurtekoan, edo soinuak irudikatzeko sinbolo sinplifikatuetara jo zutenekin (logografikoen eta alfabetikoen arteko erdibidean) baino.
Feniziarrak eta greziarrak herri merkatariak ziren. Garai hartan hasi ziren txanponak egiten. Eskala handiko merkataritza, txanpona eta idazkera eskutik helduta zihoazen.
Garai berean, Ekialde Hurbilean judaismoa garatu zen. Jatorri politeista zuen arren, Yahweh gurtzeko fase monolatristiko baten ondoren, mendeetan zehar finkatuz joan zen eta erlijio monoteista bilakatu zen a.a.a. VI. eta V. mendeetan. Orduan, merkataritzaren hedapenak –eta haren ondorio ekonomikoek– eta inperio handien agerpenak eta finkatzeak eragiten zituzten desberdintasunei erantzuten zien osagai etiko bat gehitu zuen[1] Judaismoak. Aldi horretan, eta beste hainbat eremu geografiko eta kulturaletan bezala, “urrezko araua” izenekoa formulatu zen, hau da, «trata itzazu besteak haiek zu tratatzea nahi zenukeen bezala».
Bibliako profetak Elias (a.a.a. IX. mendea), Amos (a.a.a. VIII. m.), Jeremias (a.a.a. VII. m.) eta Ezekiel (a.a.a. VI. m.), behintzat, desjabetuekiko kezka agertu zuten, pertsona ahulenekiko kezka. Identitate printzipioa, gizaki guztien funtsezko berdintasunean sinestea, profetek adierazi zuten babesgabeekiko errukiaren oinarrian legoke. Zenbait mende geroago, berdintasun hori esplizituki adierazi zen Itun Berrian.
Aldi berean, Jonian, pentsalari batzuk errealitatearen izaerari buruz galdezka hasi ziren, eta baikortasun epistemologiko sakon baten bultzadapean egin zuten. Horixe da Gerald Holton alemaniar jatorriko fisikari eta historialari estatubatuarrak ‘Lilura joniarra’ (The Ionian Enchantment) deitu zuena. Konbentziturik zeuden arrazoimena erabiliz natura ezagugarria zela, eta ez zela beharrezkoa naturaz gaindiko izaki eta fenomenoetara jotzea ezagutza hori erdiesteko. Jainkoek hilkorren gauzetan eragin zezaketen agian, baina fenomeno materialetan eta haien arteko erlazio kausaletan oinarrituta azal zitekeen errealitatearen izaera.
Idazkera alfabetikoari esker ezagutza modu eraginkorrean transmititzeak, eta merkataritzak eskala handian ekarri zituen geografia, paisaia, herri eta kultura berrietara irekitzeak, arrazoimena erabiliz errealitatea atzemateko gogo hori bultzatu zuten ziurrenik.
Miletoko Tales (a.a.a. 624-546). ), Anaximandro (Miletokoa ere bai) (a.a.a. 610-546) eta Samosko Pitagoras (a.a.a. 570-490) joniarrei jarraitu zieten Parmenidesek (a.a.a. 530) eta Zenonek (a.a.a. 490-430) ), Eleakoak (Italiar penintsulan) biak. Miletoko Leuzipo (a.a.a. V. m.) Eleara joan zen eta han izan zen Zenonen dizipulu, lehen, eta Abderako Demokrito (a.a.a. 460-370) traziarraren maisu, gero. Biak, Leuzipo eta Demokrito, atomismoaren sortzailetzat hartzen dira, bi mila urte geroago pentsamendu zientifiko modernoaren sorreran eragin handia izan zuen doktrina filosofikoa.
Modernitaterako trantsizioa
Aro arruntaren XV. mendearen erdialdean Johannes Gutenbergek asmatu zuen inprenta modernoa. Asmakizun horren garrantzia neurgaitza da, ezin baita asmatu nola izango zen mendebaldeko mundua hurrengo bi mendeetan asmakizuna gertatu izan ez balitz. Oso denbora laburrean –hamarkada gutxi batzuetan–, ehunka mila pertsonak oso pizgarri indartsua izan zuten alfabetatzeko, eta, hala, jakintza-emari handia lortu zuten.
Aldi berean, Iberiar Penintsulako erresumak, lurralde berriak deskubritzen eta, hala bazen, kolonizatzen hasi ziren. Beste behin ere, baina zeharkaldi helenikoak baino askoz ere neurri handiagoan, geografia, natura eta etnografia horizonteak ireki egin ziren, eta ordura arte ezagututakoa baino askoz mundu anitzagoa erakutsi zuten. Abenturan mundu berri bat ere agertu zen, Mundu Berria, Amerikak.
Tipo mugikorren inprentak eta papera erabiltzeak obra askoren eta, bereziki, Bibliaren ehunka edo milaka kopia egiteko, ezagutzaren idatzizko transmisioa erraztu ez ezik, Jainkoarekin erlazionatzeko eta haren fedea bizitzeko modu berri bat ere ekarri zien kristauei. Hurrengo mendean Europa suntsitu zuten erlijio-gerrak horren ondorio zuzena izan ziren. Eta behin betiko hankaz gora jarri zituzten Kontinente barruko botere harremanak.
XVI. eta XVII. mendeen artean, Francis Bacon ingelesak zalantzan jarri zuen Aristotelesen pentsamendua eta, horrekin batera, Erdi Aroko eskolastika. Ezarritako ezagutza kolokan jarri zen bat-batean, batez ere adigai eta egia lortzeko era aristotelikoak. Eta horrek irismen handiko ondorioak izan zituen ezagutza lortzeko moduan. Hala sortu zen, praktikan jarri baino askoz lehenago, enpirismoa, proposizioak errealitatearekin kontrastatzearen garrantzia nabarmentzen zuen epistemologia, frogaren galbahea, baliozkotze edo gezurtatze enpirikoa. Baconi zor zaio, halaber, ezagutza nazioarentzako botere- eta aberastasun-iturri delako ideia, XX. mendearen erdialdean goren mailara iritsi zena.
Errenazimentuaren ondoren, gaur egun ezagutzen dugun zientzia sortu zen. Iraultza zientifikoa deritzona Kopernikorekin hasi zen, eta, jakina denez, Munduaren bere deskribapenak Unibertsoaren erdigunetik atera zuen gure planeta. Eta, batez ere, Kepler eta Galileoren aurkikuntzetatik abiatuta garatu zen iraultza hori. Handik hamarkada batzuetara, Newtonek guzti hari zentzua eman zion, mekanikaren legeak enuntziatuz, gorputzen mugimendua –zerukoak barne– azaltzeko balio zuten printzipioak. Newtonekin Ilustrazioa ireki zen.
Moralaren oinarrien berrikuspen oso sakona ere ekarri zuen Modernitateak. Kristautasuna sortu zenetik eta Erdi Aro osoan, Jainkoaren Legean eta agindu erlijiosoetan oinarritu zen morala. Baina Baruch Spinozak eta Thomas Hobbesek, bakoitzak bere erara, oinarri horiek ahultzen hasi ziren. Naturaren lege eta giza konbentzio bihurtzen dute, hurrenez hurren. Morala ez da jada bakarra (eta erlijioari lotua), ez objektiboa, ez unibertsala. Ondorengo mendeetan, moral objektibo edo unibertsal bat berreskuratzeko inolako asmoak ez zuen arrakastarik izan.
John Locke filosofoak, berriz, naturaren legeak –Newtonenak, noski– abiapuntutzat hartuta, eskubide jainkotiarrik ez dagoela ondorioztatu zuen. Aldiz, eskubide naturalak daudela defendatu zuen eta eskubide horien arabera, gizakiok aske eta berdin jaio garela adierazi zuen. Bide batez, antzeko inspirazioa dute botere-banaketaren printzipioak eta Estatu Batuetako sortzaileek beren ordenamendu juridikoan aurrerago ezarri zuten ‘check and balances’ izenez ezagutzen den oreka-sistemak.
Garai horretara arte –Ilustrazioa– ez zitzaion esanahi politikorik eman Aro Axialetik zetorren eta Ebanjelioetan esplizitatua zegoen pertsona guztien funtsezko berdintasunari. Ordutik aurrera, baina, gizaki guztiak eskubide berberen subjektutzat hartzen hasi ziren.
Orainaldia
XX. mendea, hasiera-hasieratik, Ilustraziotik jasotako errealitatearen ikuspegia zalantzan jartzen hasi zen. Fisikan, Erlatibitatearen Teoriek eta, batez ere, Mekanika Kuantikoak erakusten dute natura ez zaiola erraz egokitzen gizakien ulermen-gaitasunari. Metafora matematikoek, praktikan, linguistikoak ordezkatu dituzte. Kausa-efektu erlazioek ez dute zentzurik materiaren beheko mailetan, eta natura ekuazioen bidez baino ezin da deskribatu bere alderdi barnekoenetan.
Ilustrazioak esparru horretan eragin zuen hausturaren ondorio zuzena da etika edo moral garaikidearen panorama. Mendebaldean, egun, eskolak eta tradizioak daude, oro har balio duen morala finkatzeko irizpideak definitzen saiatzen direnak. Uste dut alferreko asmoa dela, erlijioari eta bere doktrinatik eratorritako autoritateari heltzen ez bazaio behintzat. Baina erlijio-oinarriak baztertzen badira, ezin da esan unibertsalki onartutako printzipio objektiboak, komunak, direnik.
Ez dago moral objektiborik; izan ere, moraltasuna aldamio bat besterik ez da, eta, arau-esparrua ezartzean, gizartean elkarrekin bizitzeko modua ematen digu. Horregatik ezin da moral bakarra egon, gizarteak baldintza desberdinen menpe garatzen direlako eta tradizio desberdinak dituztelako.
Ez dago balio unibertsalik, eta balio unibertsaleko moral objektiboa (Derek Parfit daukat gogoan) formulatzeko saiakerak badiren arren, kontua da gaur egun ezin dela hitz egin oinarri absolutuez eta moralari buruzko adostasun arrazionalaz. Hutsune morala gure garaiaren ezaugarri da Mendebaldean.
Beste eremu batean, oso bestelakoan, XX. mendean eta, batez ere, azken hamarkadetan, ikusgarria izan da “informazioaren eta komunikazioaren teknologia” (IKT) deritzenen garapena. Joan den mendearen azken laurdenean hasi zen garatzen Internet. Sareen sareak eta haren baliabideek espazio oso zabala ireki zuten informazioa eta ezagutza eskuratzeko, eta haien benetako aukerak ikusteko hainbat hamarkada behar izan genituen. Internetek ezagutza eskuratzeko eraldaketa ekarri du, inprentak eragin zuenaren parekoa agian. Eta askoz denbora tarte laburragoan gertatu da.
Paraleloan eta aurrekoekin lotuta, konputazio zientziek ere izugarrizko aurrerapena izan dute. Zaila da teknologia baten irismena eta inplikazioak neurtzea, zuzenean ikusten dugunean teknologia horren garapena. Prozesu horren barruan murgilduta egoteak eta fenomenoaren hurbileko lekuko izateak eragotzi egiten du ikusten ari garen aurrerapena objektibotasunez baloratzea, baina, itxura guztien arabera, paradigma-aldaketa baten aurrean gaude, baina ez zentzu kuhniar tradizionalean (esparru zientifikoari dagokiona), baizik eta esparru epistemiko orokor gisa. Adimen artifiziala (AA) ezagutza eskuratzeko modu berri bat da, eta, nolabait, ezagutzen genituen metodo enpirikoak gainditzen ditu.
Zientzia normalaren –betitik ezagutu duguna– begiek ikusten ez dituen ereduak eta fenomenoak hautematen ditu adimen artifizialak. Eta, are garrantzitsuagoa dena, badirudi bere irismena sumatzeko gai ez garen errealitatea moldatzeko potentziala ere baduela.
Gehiegikeriak eta gehiegizko espektatibak –dudarik gabe badaudenak– alde batera utzita, pentsatu besterik ez dago nola entrenatu zuten Alpha Go eta nola aurre egin (eta garaitu) zion Go munduko txapeldunari, edo Alpha Foldek zer gaitasun duen proteinen egitura tridimentsionala aurreikusteko –dagoeneko aski ezagunak dira biak–, haren aukeren izugarritasunaz jabetzeko. Elkarren segidako Chat-GPT bertsioek eta gainerako lehiakideek harritu egiten gaituzte etengabe.
Alde batera uzten dut, nahita, AA orokor bat garatzeko aukerei buruzko edozein gogoeta, bai eta “singulartasun” gutxi-asko urrunekoari buruzkoa ere. Ez zait gehiegi interesatzen eztabaida hori orain. Gehiago interesatzen zaizkit ezagutza lortzeko adimen artifiziala erabiltzearen beste inplikazio batzuk, hala nola haren opakotasun metodologiko eta funtzionala: hau da, hark ematen dituen emaitzak nola lortzen dituen ezin jakitea (opakotasun metodologikoa), eta eskaintzen digun ezagutza berriaren gai diren fenomenoen kausa-erlazio harremanak ere jakiten ez uztea (opakotasun funtzionala). Edo bestela “ikusi” ezin duguna “ikusteko” duen gaitasuna, lehen aipatu dudana. Beste gauza batzuk ere interesatzen zaizkit, hala nola erabileraren arabera erabakiak hartzeko erantzukizuna diluitzea, eta antzeko beste batzuk.
Eta honako ondorio hau atera dut: Adimen Artifizialaren sorrera, eta bereziki, generatiboarena, egiazko iraultza epistemologikoa da, a.a.a. VII. eta VI. mendeen “lilura joniarrak” edo XVII. mendearen iraultza zientifikoak ekarri zuenaren mailakoa.
Metodo gisa duen botereak harritu egiten nau, baina ekarri duen berritasun epistemologiko erradikala da AAtik benetan erakartzen nauena eta interesatzen zaidana.
Hasieratik marraztu nahi izan dudan paralelismoarekin bukatu behar dut. Halaber, gaur egun, horizonte berriak irekitzeko moduan gaude. Iragan urrunean Mediterraneoko kostaldeak eta Aro Modernoan Amerikak, Afrika eta Asiakoak izan baziren bilatu ziren esparru berriak, oso litekeena da eguzki-sistemaren esplorazioa eta balizko kolonizazioa epe historikoetan erpinaren beste aldean egotea.
Laburbilpena
Erreparatu diezaiegun hiru elementu hauei: (1) informazioa eta, noizbehinka, ezagutza eskuratzeko tresna berri eta boteretsuagoa (idazkera alfabetikoa, inprenta, Internet), (2) ezagutza sortzeko edo lortzeko modu berri eta boteretsuagoa (hausnarketa arrazionala, kontraste enpirikoa, adimen artifiziala) eta (3) aurkikuntzari eta kolonizazioari aukerak irekitzea (itsasertz mediterraneoak, planeta, eguzki-sistema).
Hiru elementuok hiru aldi historikoetan errepikatzen dira: (1) Axial Aroa, (2) Ilustrazioa, (3) oraina. Baina haien artean igarotako denbora murriztu egin da, deskribatutako fenomenoen edo prozesuen iraupena murriztu den bezalaxe.
Hirurek eragiten diote elkarri eta modu positiboan elkar elikatzen dira, edo aukera-baldintza sortzen dute edo pizgarri gisa jarduten dute, edo biak batera.
Agian adankeria pixka bat bada nire aldetik, agian bolbora deskubritzen ari naiz, agian hau dena ezin konta ahala aldiz idatzia izan da. Litekeena da, baina lehenago ez dut irakurri hemen idatzitakoa honela esanda. Etengabe pentsatzen dut historiaren bira batean gaudela, gure zibilizazioaren norabidea aldatuko duen erpin moduko batean.
Nolabait, pribilegio bat da ikuskizunaren aurrean egotea, zirraragarria baita, haren ondorioak ikusteko gai ez bagara ere. Nire adineko batentzat, eta ikuskizunaz harritzen banaiz ere, panorama beldurgarria da.
Giza esferaren eremu guztietan ikusten dugu hain era erradikalean zalantzan jartzen dela egintzat jotzen genuena, irmotzat jotzen genuena, beldurra ematen duela. Indar batzuk askatu dira, zeinen tamaina ezin baitut balioetsi, eta zeinen ondorioak, era berean, ezin baitira kalibratu.
Duela egun gutxi, Ursula von der Leyenek zioen “Mendebaldea, guk ezagutzen genuen bezala, jada ez da existitzen”. Hala zioen Amerikako Estatu Batuetako administrazio berria eragiten ari den munduaren berrantolaketagatik. Baina iruditzan zait eraldaketa askoz sakonagoa dela. Izan ere, baliteke Inperioko egungo presidentetzaren jarduerak eta azken urteetan ikusi ditugun beste gertakari batzuk murgilduta gauden eraldaketa handiaren adierazpen besterik ez izatea.
Ez da existitzen ezagutzen genuen Mendebaldea. Agian Mendebalde berri bat jaiotzear dago.
Ohar bibliografikoa:
Duela hilabete batzuk Javier Jurado Gonzalezen El crecimiento de la información irakurri nuen; duela aste batzuk, David Edmonen Parfit. A Philosopher and His Mission to Save Morality; egunotan bukatu ditut The Tragic Mind: Fear, Fate and the Burden of Power y Waste Land: A World in Permanent Crisis, de Robert Kaplan; eta orain H. A. Kissinger, E. Schmidt eta D. Huttenlocherren The Age of AI-rekin nabil. Karen Armstrongen A History of God ere gogoratu dut. Baina uste dut gai hauei buruzko ideia gehienak komunikabide digitaletan han-hemenka irakurriz atera ditudala. Sentitzen dut iturri horietaz ez gogoratzea.
[1] Garai horretan brahmanismoa, budismoa eta jainismoa ere sortu ziren, Indian, eta konfuzianismoa eta taoismoa, Txinan. Bestela esanda, denbora-tarte labur samar eta ondo zehaztu batean sortu ziren ondoren planetan gehien hedatu ziren erlijioak, nahiz eta kasu batzuetan hori aldaeretan bereizi ondoren gertatu, hala nola kristautasunean eta judaismoaren islamean.
Iruzkinik ez "Mendebala bidegurutzean"