EHUko errektoretzak, entzute aktiboaren ondoren hautemandako beharrak jasotzen dituen dokumentuaren sarreran, honako hau dio hitzez hitz:

Testuinguru horretan, aurtengo finantzaketaren % 6,9ko igoera (24,6 M€) ez da benetako indartze bat; aurreko jardueran egindako ekarpenari dagokion kopurua txertatu besterik ez du egiten, egoera orobat bere horretan utzita.

1. irudian erakusten da, urdin ilunez, Legebiltzarrean aurkeztu nuen EHUrako 2026 ekitaldirako ekarpena. Horrekin batera, 2024 eta 2025ekoak ere ikus daitezke.

Bestalde, 2. irudian egiazta daitekeenez, aurrekontuen likidazioek emaitza positiboak ematen dituzte 2021etik.

Emaitza horiek, hala ere, ez dira behin betikoak, ez baitute barne hartzen herri erakundeek ikerketa proiektuak garatzeko ematen dituzten funtsak eta kanpo erakunderekin sinatutako hitzarmen edo kontratuen araberako ikerketa proiektuak edo bestelako lan espezializatuak egiteko jasotzen diren diru sarrerak eta gastuak.

Urtero, aurrekontua egitean, diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena egiten da kontzeptu horretan, baina, logikoa denez, beti gertatzen dira aurreikuspenekiko desbideratzeak. Desbideratze horiek kontuan hartu behar dira behin betiko edo azken emaitzak balioesteko.

3. irudian, diru-sarrerak (goiko lerroa) eta gastuak (beheko lerroa) gauzatzean izandako desbideratzeak ageri dira, aurrekontu-aurreikuspenei dagokienez.

Eta desbideratze horiek balantzean sartu ondoren, behin betiko emaitzak 4. irudian ageri dira. Ikus daitekeenez, 2015ean eta 2020an izan ezik, emaitza positiboa izan da kasu guztietan, batez ere azken lau urteetan.

Azkenik, 5. irudian ikus daiteke Eusko Jaurlaritzak azken urteotan unibertsitate publikoari egindako ekarpen guztien bilakaera, bai eta 2026rako aurrekontuen lege-proiektuan aurreikusitakoena ere. Ez dirudi, beraz, egoera orobat bere horretan geldituko denik.

Ondorioak:

Eusko Jaurlaritzak EHUri egindako ekarpenak gero eta handiagoak izan dira 2021etik aurrera, eta bereziki 2025eko ekitaldian eta 2026rako aurrekontuetan jasotakoa. Itxierek, bestalde, oso aurrekontu-saldo positiboak eman dituzte 2021etik aurrera. Eta emaitza totalak ere positiboak dira, 2015ean eta 2020an izan ezik, emaitza negatibo txikiak izan baitzituzten. Ondorioz, ez da zuzena esatea urteroko igoera horiek ez direla egiazko indartzeak eta egoera orobat bere horretan uzten dutela .