Gure sailaren ildo nagusiak (III): berrikuntza-politika
Lehendakariak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren esku utzi zituen berrikuntzari dagozkion eskumenak, enpresetako berrikuntza izan ezik. Honek eremu honetan politika espezifiko bat garatzera behartzen gaitu, eta horretarako, lehenik eta behin, ahalik eta argien definitu behar dugu sail bezala dagokigun berrikuntza.
Guretzat, abangoardiako ezagutza sortzea da berrikuntza, inpaktu soziala eragiteko helburu esplizitua duena. Horrela definituta, berrikuntzak garapen ekonomikoaren zerbitzura egon behar du, giza-osasunaren eta ingurumen-osasunaren zerbitzura, gure kultura-ondasunen sustapenaren zerbitzura, gizarte-premiei eman beharreko arretaren zerbitzura, eta euskal gizartearen oparotasun, kohesio eta osasun demokratikoaren zerbitzura.
Horretarako, 2025ean egindako bitarteko ebaluazioaren ondoren, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP 2030) eguneratu nahi dugu, bertan jasotako helburu eta adierazleak neurri batean behintzat birformulatuz, aipatutako ebaluazioaren ondorioen arabera. Gainera, Innobasquerekin lankidetzan dihardugu bere Plan Estrategikoa lantzeko, Jaurlaritzaren berrikuntza arloko politikekin lotuz hori ere.
Bestalde, gure sailari dagokio ZTBP 2030, bai eta beste sail batzuen berrikuntza-politikak ere koordinatzea. Horrek sailen arteko lankidetzarako sinergiak eta eremu potentzialak identifikatzera eraman behar gaitu. Horrela, berrikuntzaren ardatz nagusiak zehaztu eta horien garapena bideratuko duten Jaurlaritzaren plana edo planak landu ahal izango ditugu. Aipatutako berrikuntza-ardatzen bitartez, hiru trantsizio nagusiek (digitala, ingurumenekoa, eta soziodemografiko eta sanitarioa) planteatutako erronkei erantzun ahal izango diegu. ‘Berrikuntzarako itsasargiak’ izena eman diegu lan honen ondorioz garatuko diren plan edo estrategiei. Sailen arteko planak direnez gero, horien finantzaketa Berrikuntza Funtsaren bitartez egingo da.
Oharra: Hau da gure sailaren legealdirako egitasmoa aurkezteko argitaratuko dudan sorta baten lehen atala, berrikuntza-politikari buruzkoa. Hemen duzu lehena (Unibertsitatea) eta hemen bigarrena (zientzia politika)
Iruzkinik ez "Gure sailaren ildo nagusiak (III): berrikuntza-politika"