Ezra Klein zutabegilea eta podcasterra da The New York Times-en. Duela hilabete batzuk, ibilaldi luzeak egiteko eta “The Ezra Klein Show” elkarrizketa-podcasta entzuteko aukera izaten nuen. Orain, txiripaz ez bada, ezin dut. Kontua da 2025eko otsailaren 2ko podcastak zirrara iraunkorra eragin zidala. Urtebete baino gehiago igaro da eta burura etortzen zait prentsako azala ikusten dudan bakoitzean, batez ere edizio digitaletan.

Entzute hartatik paragrafo solte batzuk atera ditut, nahiz eta izenburua aski adierazkorra izan: Don ‘t believe him. Jarraian jarri ditut. Nik aukeratutako paragrafo solteak dira. Esan nahi dut Ezra Kleinen bakarrizketa luzeagoa izan zela, askoz ere luzeagoa. Baina paragrafo horiek interesatzen zaidan konturako balio didate. Honako hauek dira:

Trumpen bigarren agintaldiko lehen asteak ulertu nahi badituzu, Steve Bannonek PBSko “Frontline”-entzat 2019an esandakoa entzun beharko zenuke:

Steve Bannon: Oposizioko alderdia komunikabideak dira. Eta hedabideak, tentelak eta alferrak direnez, gauza bakar batean kontzentratu daitezke aldi berean. Egin behar dugun gauza bakarra eremua saturatzea da. Egunero hiru eraso egiten dizkiegu. Bati egingo diote kosk eta lortu nahi dugun guztia lortuko dugu. Bang, bang, bang! Tipo hauek ezin izango dira inoiz berreskuratu. Baina kanoi-ahoko abiadurarekin[1] hasi behar dugu. Beraz, hasi egin behar dugu, eta jo egin behar dugu, eta…

Donald Trumpen lehen bi asteek Bannonen estrategiari jarraitu zioten Etxe Zurian. Informazio-oldea zen helburua. Presioa zen helburua. Mezua ez zegoen agindu exekutibo edo iragarki bakar batean, guztien metatze-efektuan baizik. Hau Trumpen herrialdea denaren sentsazioa. Hauxe da orain zure gobernua. Men egiten dio bere borondateari. Berak nahi duena egiten du. Trumpek estatuari dirua gastatzeari uzteko agintzen badio, akabo dirua. Herritartasuna jaiotza-eskubidez amaitu dela esaten badu, akabo.

Edo, behintzat, horrek sinestea nahi du. Trumpen lehen agintaldian esan ziguten: Ez normalizatu. Desberdina da lana bigarrenean: Ez iezaiozu sinetsi.

Hurrengo eskandaluan beti murgilduta bazaude, ezin duzu aurrekoa arretaz aztertu. Trumpen boterearen inpresioak bere horretan dirau; ez da ahaztu behar akatsak egiten jarraitzen duela. Sendotasunaren proiekzioak ahuleziaren errealitatea ezkutatzen du.

Ez sinistu.

Tentsio hori dago Trumpen estrategia osoaren azpian: errege baten moduan jokatzen du, ahulegia delako presidente gisa gobernatzeko. Errealitatea pertzepzioarekin ordezkatzen saiatzen da, pertzepzioa errealitate bihurtuko den itxaropenarekin. Hori bakarrik gertatuko da berari sinisten badiogu.

Zuk jarduera honetan guztian kontrola ikustea da Trumpek nahi duena. Baina, egia esan, kaosa dago, ez kontrola. Haiek ez dute gainerakook ez dugun arreta eta kontzentraziorako erreserba sekreturik. Abiadura eta indarra, estrategia bat dira berez eta, nolabait ere, benetako estrategia bat ordezkatzen dutela konbentzitu dira.

Ez sinetsi.

Trumpen presidentetzaren lehen bi asteek ez dute bere indarra erakutsi. Zu jo nahian dabil. Zu desorientatzen saiatzen ari da. Egia ez den zerbaitez konbentzitzen saiatzen ari da. Ez sinetsi.

Ez sinetsi.

Podcastaren atal hau zentzuaren eta komunikazio politikoaren ezagupen onaren erakusgarri iruditu zitzaidan orduan. Eta azken aste hauetan gogoratu dut, Iranen aurkako gerra hasi zenetik, Donald Trumpek komunikazio-esparrua bonbardatu besterik ez duelako egin, Iran suntsituko duela (edo, areago, suntsitu duela) dioen irudipenarekin mundua abailtzen saiatu delako.

Ez du lortu. Eta uste dut ez duela lortuko. Badirudi gerra hau II. Mundu Gerraz geroztik AEBek egindako beste fiaskoetako bat besterik ez dela izango. Bai horixe!

Hori bai, bidean, milaka heriotza –hori da benetan tragikoa– eta hondamena ari da eragiten. Bide batez, XXI. mendeko gerra kriminal handiena den Beniamin Netanyahuren konplize aktiboa izateaz gain, agintari israeldarraren bizitza politikoa luzatzen lagundu du.

Eta, hala ere, ez dago egunik prentsak, gure herriko prentsak, Trumpen azken baladatxoa, azken malkartsua, edo azken zuzenketaren berri eman gabe geratzen denik. Ez dio axola bere burua gezurtatzeak, kontraesanetan erortzeak, gezur lotsagabeak esateak, alferrik mehatxatzeak egun bat bai eta hurrengoan ere bai. Ez dio axola esaten duenak ez balio izatea Monopolyko dolar (horrelakorik baldin badago) batek balio duena.

Eta prentsa bezala, merkatuak. Burtsak igo edo jaitsi egiten dira, eta petrolioa jaitsi edo igo, bufoi handiak esandako azken astakeria edo gezurraren arabera.

Nola liteke sarraskia hasi eta bi hilabetera, gertatutakoa ikusita (edo ez ikusita), gizon horrek esaten duenak eragina izatea erosteko edo saltzeko erabakietan? Zer adimen da merkatuen jitoa gidatzen duen “artifizial” hori? Eta ez esan erabakiak arrazionalak direnik. Ez dira. Esaten duen ezer ez da garrantzitsua; ez du errealitatearekin erlaziorik.

Bere botere bakarra hedabideek egiten dioten kasuan dago. Irakasgarria eta barregarria da aldi berean. Eta nekagarria oso.

Ziurgabetasun handieneko ingurune eta testuinguru batean murgilduta bizi garela da horretatik guztitik garbi atera dezakegun gauza bakarra. Eta bai, txarra da hori ekonomiarentzat, inbertsio-erabakiak atzeratu egiten direlako. Baina Jainkoaren izenean! Hori horrela da Trump jaunak goizero oihukatzen duenaz aparte. Agian ulergarria izan daiteke bere ekintzek, bere armadarenek, hedabideetan isla izatea eta merkatuen martxari eragitea. Baina burutik sano dagoen inork ezin du tipo horrek esandako ezer serioski hartu.

Don ‘t believe him. Ez sinistu. Nahiz eta hedabideetako azalak bete. Ez sinistu. Ez da alferrikakoa bakarrik; patetikoa da.

Ez sinistu. Baina hori baino lehen ere, ez kasurik egin!


[1] Muzzle velocity dio Bannonek. Googlek hasierako abiadura gisa itzultzen du, baina zuzenagoa da kanoi-ahoko abiadura gisa itzultzea; hau da, jaurtigai batek hartzen duen abiadura maximoa. “Abiada bizian” ere izan liteke, baina euskararen esamolde hori motz geratzen da.