Energia trantsizioa uste ez genituen arrazoiengatik gertatuko da
Israelek eta Estatu Batuek Iranen aurka egin duten erasoak, batetik, eta Iranek eta bere milizia bikarioek emandako erantzunak, bestetik, sekulako hondamena sortu dute Ekialde Hurbilean. Dozenaka mila pertsona hil dira, eta ehunka mila desplazatu eta zauritu. Mundua egoera kaotikoan erortzeko arriskua ere ekarri dute. Denon ezaguna da hau guztia.
Petrolioak eta gas naturalak badute zerikusirik horretan.
Hurrengo taulak petrolio-erreserba handienak dituzten hamar herrialdeen zerrenda erakusten du (iturria: OPEC).
| Herria | Erreserbak (milioi upelak) | Munduko guztizkoaren % |
| Venezuela | 303.008 | 17,17 |
| Saudi Arabia | 267.230 | 15,14 |
| Iran | 208.600 | 11,82 |
| Kanada | 163.108 | 9,24 |
| Irak | 145.019 | 8,22 |
| Arabiar Emirerri Batuak | 113.000 | 6,40 |
| Kuwait | 101.500 | 5,75 |
| Estados Unidos | 83.730 | 4,74 |
| Rusia | 80.000 | 4,53 |
| Libia | 48.363 | 2,74 |
Taulako ehunekoen baturak % 85,75eko balioa ematen du. Bestela esanda, munduko petrolio erreserbak, salbuespen gutxi batzuekin, erregimen politiko gorrotagarrien esku daude. Ez genituzke guretzako nahi.
Hurrengoan gas naturalaren erreserbak eta munduko guztizkoaren ehunekoak aurkezten dira erreserba handienak dituzten 10 herrialdeetarako (erreserbak milioi milioika oin kubikotan — MMok — eta munduko guztizkoaren gaineko ehunekoa). [worldometers.info]
| Herrialdea | Erreserbak (MMok) | Munduko guztizkoaren % |
| Errusia | 1.688.228.000 | 24,39 |
| Iran | 1.183.019.000 | 17,09 |
| Katar | 858.098.000 | 12,40 |
| Estatu Batuak | 322.234.000 | 4,65 |
| Saudi Arabia | 303.284.000 | 4,38 |
| Turkmenistan | 265.000.000 | 3,83 |
| Arabiar Emirerri Batuak | 215.098.000 | 3,11 |
| Venezuela | 201.343.000 | 2,91 |
| Nigeria | 186.610.000 | 2,70 |
| Txina | 184.419.000 | 2,66 |
Kasu horretan, hamar herrialde horiek gas naturalaren erreserben % 78,12 dute. Eta bistan da gasa ere ez dagoela herri gomendagarriegietan.
Egia esan, taula horretan ez da inor salbatzen.
Erreserba handiak edukitzeak, baina, ez du berez ekartzen erregaiak proportzio berean esportatzen direnik. Hurrengo taulan ikusi ahal denez, Venezuelaren kasua da nabarmenena, petrolio erreserbarik handienak dituen herrialdea izanik, esportazioak erlatiboki txikiak dira.
Nolanahi ere, hurrengo taulan ageri diren petrolio-esportazioei erreparatzen badiegu, eta erreserben ordena aldatu arren, aurreko ondorioak balio izaten jarraitzen du.
| Herrialdea | Esportazioak (kupelak/egun) | Munduko guztizkoaren % |
| Saudi Arabia | 6.000.000 | 15,50 |
| Errusia | 4.500.000 | 11,63 |
| Estatu Batuak | 4.100.000 | 10,59 |
| Kanada | 3.600.000 | 9,30 |
| Arabiar Emirerri Batuak | 2.700.000 | 6,98 |
| Brasil | 1.700.000 | 4,39 |
| Norvegia | 1.700.000 | 4,39 |
| Iran | 1.600.000 | 4,13 |
| Nigeria | 1.500.000 | 3,88 |
| Kazakhstan | 1.400.000 | 3,62 |
Guztizko esportazioak 38,7 milioi upelekoak dira eguneko. Taulan eskaintzen diren ehunekoen batura % 74,41 da. Esportazioa ez dago erreserbak bezainbeste kontzentratuta, baina errealitate eskergabea da munduak kontsumitzen duen petrolio gehiena oso desiragarriak ez diren herrialdeetatik datorrela egiaztatzea.
Ez genuke herrialde horietan bizi nahi.
Europarentzat, erregai fosilekiko mendekotasun energetikoaren murrizketaren alde gero eta arrazoi gehiago daude, nire ustetan. Klima aldaketaren aurka egitea soberan ezaguna dugu. Baina orain, zio gehiago ditugu; subiranotasun energetikoa da bat. Eta –ausartuko naiz esatera– zio moralak ere gero eta bistakoagoak dira; izan ere, petrolioak, erregai gisa erabiltzen denean planeta berotzeaz gain, bere biztanleak gobernatzen dituzten tiranoen uztarri pean mantentzen laguntzen du, haiek finantzatzen dituelako.
Bi hamarkada daramagu erregai fosilen aurkako eta energia berriztagarrien aldeko politikak sustatzen edo indarrean jartzen, baina ez behar dugun erritmoan, zoritxarrez. Petrolioarekiko mendekotasunaren ondorio geopolitiko tamalgarriez ari gara jabetzen orain. Eta horretaz ohartzen ari garelako, inoiz baino argiago ikusten ari gara energia trantsizioaren beharra.
Kontu bitxia da, izan ere, trantsizio energetikoa errazago gertatuko dela subiranotasun eta segurtasun arrazoiengatik ingurumen arrazoiengatik baino. Izan ere, egungo egoeraren aurrean, gobernuek pizgarri oso ahaltsuak dituzte iturri berriztagarrien presentzia eta, oro har, ekonomiaren elektrifikazioa handitzeko.
Iruzkinik ez "Energia trantsizioa uste ez genituen arrazoiengatik gertatuko da"