Duela hilabete, ohar bat argitaratu nuen hemen, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) aurrekontu-asmoei buruz eta horiek eskatzeko erabilitako hizkuntzari buruz (hemen eta hemen) nire iritzia adierazteko. Hilabete geroago, EHUko errektoretzak prentsa-deialdia egin du (hemen), errektoreak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean eta EHUko Klaustroak adierazpen bat egin du.

Errektoretzak, bestalde, gai horiei buruzko edukiak dituzten mezuak bidali ditu unibertsitate-komunitate osora, unibertsitatearen egoera ekonomikoari buruzko bere bertsioa eskainiz. Era berean, elkarrizketak eskaini dizkie hainbat hedabideri.

Nik, berriz, gai horiei buruzko nire iritzia eman dut Eusko Legebiltzarrean egindako bi agerralditan –Ogasun Batzordearen aurrean aurrekontuak aurkezteko, eta beste agerraldi batean, nik eskatuta, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean– eta prentsako elkarrizketa batzuetan.

Iritzi truke horrek eta azaroaren 14an nire bulegoan errektore eta bere lantaldeko bi kiderekin izan genuen batzarrak ez dute balio izan, orain arte, EHUko Errektoretzaren eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren (aurrerantzean, ZUB Saila) arteko lankidetza-harremanaren oinarriak ezartzeko. Hala ere, lankidetza hori ezinbestekoa da Euskal Herriko Unibertsitatea Europako abangoardia akademikoan jarriko duten proiektuak garatu eta burutu ahal izateko.

Nire ustez, hori posible izan dadin, funtsezkoa da informazio egiaztatua, gertaera frogagarriak eta egiazko datuak abiapuntutzat hartzea. Zoru komun horretatik abiatzen ez bagara, ezin izango da elkarrizketa eraikitzailerik.

Elkarrizketarako oinarriak ezartzen laguntzeko asmoz, EHUren finantza-osasunaren egoera islatzen duten hainbat datu eman nahi ditut lau oharretan. Datuak iturri ofizialetatik datoz eta, azken batean, unibertsitateak berak eman ditu. Ondorengo idatzoharretan honako hauek jasoko dira: “Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak EHUri”, “Plantilla eta irakaskuntza-enkargua”, “Soldatak” eta “Finantzaketa konparatua”.