Joan den astelehenean, hilak 27, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzak, hedabideetara bidalitako prentsa-ohar batean jakinarazi zuen EHUren beharrak 600 milioi eurokoak direla (aurrerantzean, zifrak modu berean biribilduko ditut). Eusko Jaurlaritzak, guztira, 400 milioi euroko ekarpena egin dio aurten unibertsitate publikoari.

Egun horretan bertan, errektoreak dokumentu bat helarazi zidan, aurreikusitako jarduera gehigarriak zehazten zituena. 200 M€ horietatik, erdia baino zertxobait gehiago soldata-igoeretarako edo neurri baliokideetarako erabiliko litzateke; “Pertsonen zaintza” epigrafepean dago jasota. Kontuek huts egiten ez badidate, urtean langile bakoitzeko 10.000 € baino gehiago izango lirateke.

Beste 50 M€, gutxi gorabehera, azpiegituretara bideratuko lirateke, nahiz eta jarduketen banapena ez den zehazten. Eta beste 50 M€ —”Unibertsitate-autonomia” izenburupean aurkeztuak— “estrategiko” kalifikazioa merezi duten beste jarduera edo ekimen batzuetarako izango lirateke. Itxuraz, jarduera horien zehaztapena edo definizioa unibertsitate-agintarien esku geratuko litzateke, eta arduradun horiek erakundearen autonomiaz baliatuz gauzatuko lituzkete ekimenok.

Finantzaketa eskatzen den proposamenetako ia batek ere ez du eduki akademikorik, agian aurreko paragrafoan aipatutako proposamen batzuek izan ezik. Zerrenda luzea bada ere, benetan garrantzitsuak diren kapituluak soldata-igoerei (100 M€) eta azpiegitura-obrei (100 M€-tik hurbil, agian) buruzkoak dira.

Urriaren 28an Gobernu Kontseiluaren bilkuran 2026rako aurrekontuen aurreproiektua onartu genuen. Arratsalde hartan, hedabideek, beren edizio digitaletan, aurreproiektuaren daturik garrantzitsuenak argitaratu zituzten, horien artean EHUrentzako aurreikusitako ohiko ekarpena.

Urriaren 29an errektoreak hedabideen aurrean egindako presazko agerraldian adierazi zuenez, aurreproiektuan esleitutako esleipenarekin, unibertsitate publikoa “paralisira kondenatuta dago”.

Ordu berean, gutxi gorabehera, eta EHB legebiltzar-taldeak proposatuta, LAB sindikatuko bi ordezkari eta EHUko Ikasleen Kontseiluko beste bi agertu ziren Eusko Legebiltzarreko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordearen aurrean. Lehenengo agerraldia EHUren ustezko “azpifinantzaketaren” ingurukoa izan zen ia soilik, eta bigarrenean, gai hori izan zen nagusia, baina ez bakarra.

Egun horretan bertan, errektoreak mezu bat bidali zien unibertsitateko langileei eta ikasleei, posta elektroniko instituzionalaren bidez, hedabideen aurrean egindako agerraldiaren edukiaren berri emateko.

Administrazioak nola funtzionatzen duen apur bat soilik dakien edonork badaki hurrengo ekitaldirako aurrekontuak ekainean edo uztailean hasten direla lantzen, doikuntza lodia –aurreikuspen ekonomikoei eta diru-bilketari buruzko datuen zain– irailean egiten dela, eta doikuntza fina, urrian. Azken hilabete honen erdialdean, kontuak, aurreproiektuaren bertsioan, itxitzat jo daitezke. Legebiltzarrean aurkeztu (azaroa) eta zuzenketak eztabaidatu (abendua) arte, ez da aldaketarik egiten. Errektoreak ondo baino hobeto daki zein den aurrekontuak egiteko egutegia. Gerenteak ere badaki, iraganean aurrekontuen gerenteordea izan baitzen.

Administrazioak nola funtzionatzen duen dakien edonork badaki ondoz ondoko bi ekitaldiren arteko aurrekontu-aldaketak ia inoiz ez direla oso handiak. Bi arrazoirengatik. Alde batetik, krisi sakonik edo salbuespenezko zirkunstantziarik ezean, zergen bilketan ez delako aldaketa handirik gertatzen urte batetik bestera. Eta bestetik, administrazioak inertzia handia duelako gastu- eta inbertsio-programetan funtsezko aldaketak sartzeko orduan. Gauzak ez dira bat-batean hasten, ezta bukatzen ere.

Nire esperientziaren arabera, salbuespenezkoa izango litzateke administrazioan % 10eko igoera bat. % 50eko igoera ezin da imajinatu ere egin. Horrelako proposamen bat egiten denean, helburua ez da adierazten dena. Beste bat da.

Errektoreak adierazi duenez, EAEko aurrekontuen aurreproiektuan aurreikusitako esleipenarekin, EHU paralisira kondenatuta dago. Errektoreorde batek Zientzia eta Teknologia Fakultatean egindako entzute-biran esan zuenez, “kolapsoaren zorian gaude”.

Ez dut nik gezurtatuko baieztapen horiek. Baina egia badira, argi dago arrisku hori ez dela arrazoi ekonomikoen ondorio.

Ez da sinesgarria gobernuak ikasle bakoitzeko ia 10.000 euroko ekarpena egiten dion unibertsitate bat paralisira edo arrazoi ekonomikoengatiko kolapsora eramango duenik. Ez da; hala balitz, Europako ehunka unibertsitate egongo lirateke amildegiaren ertzean.

Are gutxiago unibertsitate hori munduko 400 onenen artean dagoenean, edo, jakin berri dugunez, munduko ikerlari aipatuenen %2ren artean dagoen EHUren ikertzaile-taldeko pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen duenean.

Zeri dagokio, bada, errektoretzaren jarduna?

Kontatu ditudan gertakarien sekuentziak gezurtatzen du beharren txostena eskatutako aurrekontu-igoera lortzeko benetako asmoarekin egin eta aurkeztu dela. Igoeraren tamainak eta jarraitutako egutegiak aukera hori baztertzen dute.

Proiektu akademikorik ez dagoela ezkutatu nahi al da?

Edo erantzukizuna gauzatzeko eta aurrekontu-erabaki zailak hartzeko ezintasuna ezkutatzea? Erantzukizuna erabiltzeko, aukeratu eta lehenetsi egin behar da. Aukeratzea uko egitea da. Aukeratzen duenak baztertu egiten du. Lehentasuna ematen dionak jarduera batzuk beste batzuen mesedetan atzeratzen ditu. Zaila da, baina saihestezina, baliabideak, definizioz, mugatuak direlako.

Espero dut kontua ez dela unibertsitate publikoa ariete politiko gisa erabili nahi izatea.

Gure aldetik, EHUko gobernu-taldearekin akordioak lortzeko gogoz gaude. Duela ia lau hilabete esan nuen, eta orain berriro diot.

Baina dialektika hiperbolikoak –paralisia, kolapsoa– ez du lagunduko akordioak lortzen, ezta EHUren benetako beharrak asetzen ere. Ezta unibertsitate-komunitateari bidalitako apokalipsi-mezuek ere.