Kasualitatez bezala, aurtengo Fisikako Nobel Sariaren iragarpena inaugurazio ekitaldi hau baino astebete lehenago iritsi zen. Eta bigarren kasualitate bat izan zen irabazleak hiru ikertzaile izan zirela, eta haien aurkikuntzak, duela berrogei urte argitaratuak, teknologia kuantiko berrien oinarriak ezarri zituen: kriptografia kuantikoa, konputazio kuantikoa eta zentzumen kuantikoa.

Izan ere, Suediako Zientzien Errege Akademiak John Clarke, Michel Devoret eta John Martinis-i eman zien saria, “zirkuitu elektriko batean tunel kuantikoaren efektu makroskopikoa eta kuantum gisako energia mailak aurkitzeagatik”.

The New York Times egunkariari bideo batean, honakoa adierazi zion John Martinisek: “So what we did is we built some electrical circuits where the current and voltages actualy obey the laws of quantum mechanics in detail. And it really showed that quantum mechanics just wasn´t some phenomenon on how atoms work, but is actually very general and how really any system under the rigth conditions can see that. So that was kind of showing quantum mechanics had a wider application class than we had thought”.

Eta John Clarkek ere, The New York Timesekin hitz eginez, hau esan zuen: “And all this work on, for example, quantum computing and also AI is coming out of the work that we did then.”

Joan den asteartean ordenagailu bat inauguratu genuen. Bere funtzionamendua aurreko astean ezagututako aurkikuntzetan oinarritzen da. Hamarkada asko behar izan dira horrelako aurkikuntza garrantzitsu batek gaur egungo teknologia kuantikoen aplikazio harrigarriak ikusteko.

Askotan esaten da beti aurkitzen dela aplikazio praktikoren bat oinarrizko zientzian egiten diren aurkikuntzetan. Ez nago ziur hori egia ote den. Baina ez dut zalantzarik hori gertatu ahal izateko zientziak oso ona izan behar duela, abangoardiakoa izan behar duela. Hori da Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak zientzia onari irmo laguntzeko arrazoietako bat –ez bakarra–, eta gauza bera egin zuen hasieratik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.

Lau hamarkada baino gehiago iraun du printzipio horretan oinarritutako ikerketa-politikak, denboran eutsita eta gero eta laguntza ekonomiko handiagoarekin, gaur egun dugun heldutasun zientifikora eraman gaitu.

Baina ez gara horrekin konformatzen.

Duela bost urte, gutxi gorabehera, estrategia bat –Ikur– sortu zen. Estrategia horren helburua, esplizituki formulatuta, gizartean eragina izan zezakeen zientzia bikaina egitea zen.

IBMrekin dugun lankidetza testuinguru horretan kokatzen da. Ordenagailu honen inaugurazioa mugarri garrantzitsua da bere garaian lehentasunezkotzat jo zen lerroetako batean, zientzia eta teknologia kuantikoen lerroan hain zuzen ere.

IBM Research-ekiko aliantzak ez zetzan soilik IBM-BasqueCountry ordenagailua instalatzean. Askoz harago zihoan. Zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema oso bat garatzea proposatu zen, BasQ izenekoa. Lau ardatzen inguruan egituratutako aliantza: teknologia, zientzia, prestakuntza eta berrikuntza.

Abangoardiako zientzia egiteaz gain, konputagailu kuantikoa jartzeko eta, aldi berean, IBM Quantum sarerako urruneko sarbidea izateko lan egin dugu iraganiko lankidetzako bi urteotan.  Aurtengo maiatzean, gure komunitate kuantikoak sarearen gehienezko edukiera erabilgarria erabili du, IBM Quantum System 2ren konputazio-ahalmenaren % 50aren baliokidea, hain zuzen ere. Horrek bermatzen du BasQ ekosistemak ordenagailu kuantikoak ematen dituen baliabideak baliatuko dituela jardunean hasten den lehen egunetik.

Datozen urteotan Ikerketa Bateraturako Akordioen bidetik egingo dugu aurrera, hainbat aplikazio-eremutan, garapen teknologikoarekin lotutako zientzia ildotan eta, bereziki, konputazio kuantiko eta Adimen Artifizialaren arteko loturan.

Lanbide eta unibertsitate mailako eskaintza sustatuko dugu prestakuntza arloan. Halaber, kualifikazio handiko eta nazioarteko maila goreneko pertsonak erakarri nahi ditugu, Ikasketa Aurreratuen Zentroaren proiektuan sar daitezkeenak.

Eta berrikuntzari dagokionez, hiru lan-ildo garatu nahi ditugu hemendik aurrera: oinarri zientifikoko enpresa berriak sustatzea; prestakuntza eta ezagutza aurreratua enpresetara eramatea (hau, Industria Sailarekin eta Foru Aldundiekin lankidetzan); eta BasQ Global Advantage programa garatzea; programa horren bidez enpresa aurreratuen kopuru mugatu batek IBM Quantum sareko munduko nodoekin harremanetan jarri ahal izango du.

Egin nahi dugunaren edukia zehaztu nahi izan dut, garrantzitsua iruditzen zaidalako azpimarratzea ekitaldi hau ez dela soilik aparteko makina baten inaugurazioa. Instalazioarekin eta martxan jartzearekin batera, zientzia-, prestakuntza-, teknologia- eta enpresa-eragileak biltzen dituen estrategia oso bat dago, gure herrialdean ondorio eraldatzaileak izango dituena, seguru asko.

Hau bezalako gertaerak hiperbolerako oso aproposak dira, eta ni ez naiz hiperboletara erraz jotzeko modukoa. Gaur, ordea, zaila da alde batera uztea une eraikitzaile baten aurrean egotearen sentipena, etorkizuna baldintzatzen duten une garrantzitsu horietako baten aurrean egotearen sentsazioa.