IBM-Basque Country konputagailu kuantikoa, Donostian laster
Urriaren 15a egun garrantzitsua izango da Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarentzat egun horretan izango baita IBM-Basque Country konputagailu kuantikoaren inaugurazio-ekitaldia. Donostiako Ibaetako Ikerbasque eraikinean ospatuko da inaugurazioa eta Imanol Pradales lehendakaria izango da ekitaldiko burua. Bertan izango dira erakundeetako ordezkariak, IBMko kideak, Basque Quantumekoak eta euskal ehun zientifiko eta sozio-enpresarialekoak.
IBM System 2 makinako zatiak uda hasieran hasi ziren Donostiara iristen, eta ordutik muntaia eta prestaketa lanak egin dira. 156 Qbiteko Heron txipa du, eta Europako konputagailu kuantikorik aurreratuena izango da, baita munduan dauden hiruretako bat ere. Beste biak Estatu Batuetan eta Japonian daude. System 2-k, bere aurrekoak, System 1 izenekoak, ez bezala, moduluen gehitzearen bidez hazteko aukera du, eta, beraz, haren konputazio-gaitasuna biderkatu ahal izango da etorkizunean.

Inaugurazio honekin, euskal sistema zientifiko-teknologikoa indartuko duen azpiegitura teknologiko bat jarriko da abian. Enpresa-ehunak ere etekina aterako dio azpiegitura horri; izan ere, ikerketa-taldeen konputazio kuantikoaren eskaerei erantzuteaz gain, teknologia hori erabili nahi duten enpresei ere emango die zerbitzua. Ziur gaude, halaber, ematen duen zerbitzuaz gain, prestakuntza handiko pertsonak ere erakarriko dituela.
Bestalde, Kuantikaren Urtearen ospakizunaren barruan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak jaialdi bat antolatu du urriaren 17an eta 18an Musikenen, Donostian. Kuantikaren mundua herritarrengana hurbildu nahi duen programak dibulgazio zientifikoa eta kultura- eta entretenimendu-ekintzak uztartuko ditu, besteak beste, umorezko bakarrizketak, magiako, dantzako, musikako eta antzerkiko ikuskizunak. Ekimen horien osagarri, aurreko egunetan magia-jarduerak programatu dira Donostiako kaleetan, bai eta kuantikan lan egiten duten eta ordenagailuaren inguruan kokatzen diren erreferentziazko zentroetatik ibilbide zientifiko-turistiko bat ere. Bikaintasun zientifikoko ekosistema horren existentzia izan da, hain zuzen ere, Europako sistema kuantiko berriaren kokaleku gisa IBMk Donostiaren aldeko apustua egiteko faktore erabakigarrietako bat.
Iruzkinik ez "IBM-Basque Country konputagailu kuantikoa, Donostian laster"