1982ko uztailean, karrerako azken notetako bat, Biofisikarena, falta zitzaidan ezagutzeko. Bosgarren mailako hautazkoa zen, bigarren lauhilekoa. Gutxienez, gaindiko nuela espero nuen. Nirea zen kalifikaziorik gabeko izen bakarra irakasleak bere saileko iragarki-oholean jarritako zerrendan; haren ordez, honela zioen: “Pasa zaitez irakaslearen bulegotik”.

Sartu naiz. Han zegoen bera, Radio Clásica entzuten, artikulu batzuk kontsultatu eta oharrak hartzen zituen bitartean. Zertara nindoan esan nion, baina berak ez zuen informazio horren beharrik.

“Ez dakit zer egin zurekin”, esan zidan esertzera gonbidatu gabe. “Lehen zatian 10 puntu ditu, bigarrenean 0, hirugarrenean 0 eta laugarrenean 10”.

5 bat jartzeko erantzun nion, batez bestekoa.

“Ezta pentsatu ere”, erantzun zidan. “Ez dut emango irakasgaia gainditutzat bigarren eta hirugarren atalak ezagutzen dituzula frogatu gabe.” “Gauza bat egingo dugu”, esan zidan, “zati horien errepika egingo dizut; zer iruditzen zaizu?”

“Ez zait gaizki iruditzen”, erantzun nion. “Okerragoa da alternatiba.”

“Orduan, ondo badatorkizu, datorren asteartean egingo dugu, 13a da, gainera. Asteartea eta 13a. “

“Hummm… egun horretan izango dut Lakuan, elkarrizketa doktorego-bekarako”, esan nion. “Hara, hau nahigabea”, erantzun zidan, “baina lehenbizikoa lehenengoa izan behar da; errepeska asteazkenerako utziko dugu, hilaren 14rako”.

Eta hala izan zen, 13an elkarrizketatu ninduten eta 14an errepeska egin nuen. Biofisikaren azken nota Ongi izan zen.


Gertaera hartatik berrogeita hiru urtera, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, nik proposatuta, bi laguntza-deialdi onartu zituen atzo, uztailak 22, bata doktorego-tesiak egiteko eta bestea doktoretza-ondoko aldietarako.

Laguntza-programak 19 milioi euroko aurrekontu-ekarpena izango du deialdi honetan. Izan ere, 2026rako zenbatekoak % 13,7ko igoera dakar iazkoarekin alderatuta, 16,8 milioi eurokoa baitzen 2025ekoa.

Deialdien arabera, 525 ikertzaile kontratatzeko laguntzak emango dira guztira, doktoratu aurreko 414 kontratuetarako eta doktoratu ondoko 111 kontratuetarako banakatuta. Kopuru horietan horietan, kontratu berriak eta kontratuen berritzeak sartzen dira. Laguntzak eskuratuko dituzten pertsona guztiek iazko deialdietan baino % 2,5 soldata handiagoak jasoko dituzte. Hala ere, lehen eta bigarren urtean % 4ko igoera izango dute tesia 2026an hasten dutenek.

Doktoratu aurreko deialdia Egonlabur nazioarteko mugikortasun-programarekin osatzen da. Programa horrek atzerrian 4 eta 6 hilabete bitarteko egonaldiak finantzatzen ditu, eta horrek erraztu egiten du doktorego-tesian nazioarteko aipamena lortzea.

Bestalde, doktoratu ondoko deialdiak urtebetez luzatu du nazioarteko egonalditik itzuli ondorengo kontratua; hau da, bi urtetik hirura igaro da. Neurri honen bidez, ikertzaileek euskal zientzia-sisteman beren lana sendotzeko dituzten aukerak indartu nahi ditugu, Ikerbasque bezalako erakundeekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin sinergiak sustatuz.

Bestalde, eraginkortasuna hobetu eta administrazio-zama murriztu nahi dugu. Horregatik, deialdi berriak zuzenean jasotzen du nazioarteko mugikortasunaren finantzaketa doktoratu ondoko kontratuaren lehen bi urteetan. Horrek laguntza gehigarriak eskatzeko beharra kentzen du, eta nabarmen sinplifikatzen ditu izapide burokratikoak.

Aurten egindako hobekuntzen bidez, hiru helburu lortu nahi ditugu deialdi horiez. Batetik, Euskadin ikertzeko baldintzak erakargarriak izatea nahi dugu lehenengo etapetatik. Bestetik, doktorego-prestakuntza osatzen duten eta horretarako baldintza egokiak betetzen dituzten pertsona guztiei egonaldi bat eskaini nahi diegu ospe handiko atzerriko zentro batean, nazioarteko esperientzia osagai garrantzitsua baita ikerketan profesionalki jardun nahi duen pertsona baten formakuntzarako. Eta, azkenik, nazioarteko esperientziaren ondoren gure herrialdera itzuli nahi duten pertsona guztiek itzuleraren aukera bermatuta izatea nahi dugu.

Azken batean, kalitatezko euskal ikerketa-karrera sustatu nahi dugu, nazioarteko dimentsio indartsuarekin eta tokian tokiko sustraitze sendoarekin. Horrela, gure sistema zientifikoa indartzen dugu, eta, aldi berean, sistema osatzen duten pertsonen garapen profesionala bultzatzen dugu eta haien ongizatea zaintzen dugu.


1982ko udaren hasieran oso lanpetuta ibili nintzen. Karrera bukatzeaz gain, tesina amaitu nuen (uztailaren erdialdean). Biofisikakoa ez zen izan jaso nuen azken kalifikazioa. Tesina irakurri behar nuen egunean, saio akademikoa hasi baino lehen, epaimahaiburuarengana jo nuen. Nire irakasleetako bat izan zen urte hartan, eta oraindik ez zituen notak argitaratu. Esan nion ez nekiela proba egin ahal izango ote nuen, ikasgai guztiak gainditu izana baldintza baitzen, eta ez nekien berean hala ote zen. Aurpegira so geratu zitzaidan, eta gero beherantz begiratu zuen; nire espedientea bilatu zuen, eta zenbaki batzuk xuxurlatu ondoren, “ongi” esan zidan; “ongi” atera duzu. Karrera osoko batez besteko nota –honaino iritsi direnek jakingo dute– “ongi” izan zen, jakina. Ez nintzen ikasle distiratsua, ezta enpoilatzat ezagutzen zena ere.

1982an ez zidaten tesia egiteko beka eman. Baina bai 1983an. Hiru urteko laguntza zen, ez gehiago. Beraz, tesia osatzeko moldatu nintzen denbora horretan. 1986ko udazkenean defendatu nuen.