Unibertsitate publikoko errektoretzaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean tentsio gehien sortzen duen gaia aurrekontua da, eta, zehazkiago, langile-gastuei dagokiena.

Joan den uztailaren 3an, EHUko errektoretza-taldeak mezu bat bidali zien irakasleei, honako hau esanez, hitzez hitz:

“Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak berriki izandako bileran argi adierazi digu ez dutela jarriko baliabide gehigarririk, ezta promozioaren itxaron zerrenda arintzeko plaza gehigarriak baimentzeko ere; aurtengo aurrekontuaren maila igotzeko inolako biderik ez dela izango ere argitu du.”  

Horrela adierazita, mezuak ez du islatzen EHUko agintarien eta gure taldearen artean izandako bileretan esandakoaren errealitatea, gure jarreraren zati garrantzitsu bat esan gabe utzi dutelako.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko ordezkariek errektoretza-taldearekin izan dituzten bileretan esan dutena –nik neuk jendaurrean eta pribatuan behin baino gehiagotan esan dudan bezala– honakoa da: unibertsitate publikoko plantillari buruzko erabakiak hartu ahal izateko, beharrezkoa dela haien bilakaeraren proiekzio errealista izatea datozen lau urteei begira, bai irakasle eta ikertzaileei, bai PTGASi (teknikariak, kudeaketakoak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) dagokienez.

Proiekzio hori gabe, ezin dira kalkulatu helarazi zaizkigun proposamen bakoitzetik erator daitezkeen kostuak. Eta erantzukizunez, ezin dugu onartu dinamika bat, zeinaren arabera plantillaren kostua handitzeko proposamenak epe ertainerako aurreikuspen orokor baten testuingurutik kanpo egiten diren.

Hori behin baino gehiagotan azaldu zaie errektoretza-taldeko ordezkariei, eta proiekzio hori eta gastuaren kalkulua emateko eskatu zaie. Hori da proposatzen zaigun edozein plantilla-eragiketa onartu ahal izateko lehenengo eta funtsezko urratsa, hau da, epe ertaineko plangintza baten testuinguruan egitea, kostuen zenbatespenarekin.

Eusko Legebiltzarrak hurrengo ekitaldirako aurrekontuak onartzen dituenean finkatzen dira urtero baliabide ekonomikoak. Gure sailak bere aurrekontua esleituta dauka; EHUri dagokio bere garaian finkatu zena, eta, bide batez, ekarpen arruntean % 5eko igoera jaso zuen.

Helburu batera bideratzen dena ezin da beste batzuetara bideratu. Hala ere, aldaketak egin al daitezke baliabide horien destinoan ekitaldi ekonomikoan? Proportzio txiki batean, eta funtsak aldatzeak ez badu eragozten hartutako konpromisoak betetzea edo funtsezko beste behar batzuei erantzutea, aldaketak egin litezke, izan ere. Baina langile-gastuei dagokienez, premietan gertatzen diren aldaketak epe ertaineko plangintza baten testuinguruan baino ez dira egin behar. Bestela, etorkizuneko beharrak aurrez ikusiko genituzke, itsu-itsuan, datozen urteetan zeri egin beharko diogun aurre jakin gabe. Hori egitea arduragabea litzateke.

Badakigu pertsonalaren hornidurei dagokienez zenbait ataletan beharrak daudela. Badakigu datozen urteetan erretiro asko hartuko direla. Eta badakigu 2030etik aurrera oso jaitsiera nabarmena aurreikusten dela ikasleak unibertsitatean sartzean, DBHn gertatu den bezalaxe.

Behin baino gehiagotan esan dugu unibertsitate publikoarekin konprometituta gaudela, ahal bezain beste indartu nahi dugula, aurrera egiteko behar diren baliabideak emanez. Hori da gure helburua. Baina hori modu planifikatu eta adostuan bakarrik egin daiteke, ez bat-batean.

Ondo baino hobeto ulertzen dut urteetan zain egon diren promoziorako aukerarik izan ez duten pertsonen egoera. Lagunak ditut egoera horretan daudenak edo egon direnak. Baina ulertu eta aukera horiek ahalbidetuko dituzten plazak sortu behar direla uste izateak ez du esan nahi unibertsitatea norantz doan, zein diren bere apustuak, jomugak eta lehentasunak argi eta garbi ikusi gabe egin behar denik.

EHU nabarmen hobetzea ahalbidetuko duten helburuak lortzeko aurreikusitako ibilbidea zein den jakin behar dugu. Ondo diseinatutako eta hitzartutako bideari heldu behar diogu, bidezidorrik gabeko bideari.