Unibertsitate-komunitateari buruz aipatu dudan bezalaxe, lan egiteko giro eta baldintza onak bultzatu nahi ditugu, berdintasuna eta inklusioa sustatuz eta zuzentasun zientifikoa zainduz unibertsitate eta ikerketaren euskal esparru osoan.

Prozedura arinagoak ezartzen ari gara, eta horretarako, konfiantzaren printzipioa aplikatuko dugu ahal den guztietan.

Lanean dihardugu bitarteko irakasle eta ikertzaileak edo prestakuntza-aldian daudenak egonkortzeko estrategia baten diseinuan. Era berean, irakasle eta ikertzaileen lanaldi partzialeko kontratuak alde batera uzteko aukera erraztu nahi dugu, salbu eta lanbide-jarduera unibertsitateko irakaskuntzarekin bateratu nahi duten profesionalen kasuan.

Berdintasun eta inklusiorako politikak ere zuzenean bultzatzen edo garatzen ari gara. Politika hauetan, neurri zehatzak hartuko ditugu gizonek eta emakumeek aukera, eskubide eta aintzatespen berberak izan ditzaten ikerketan nahiz irakaskuntzan. Eta bestelako neurriak, balizko diskriminazio edo jazarpen egoerak prebenitu edo zuzentzeko.

Produktibitate akademikoari buruzko adierazleen berrikuspen kritikoa egingo dugu, ingurune akademiko osasuntsuak bultzatzeko asmoz. Eta ikertzaileen zuzentasuna sustatzeko ekimenak abiaraziko ditugu.


Ondorioa

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila ezagutza aurreratuaren sorkuntza (Ikerketa), transmisioa (Prestakuntza) eta transferentzia (Berrikuntza) sustatzeko xedez sortua da, euskal gizartearen oparotasuna, kohesioa eta kalitate demokratikoa bultzatzen laguntzeko. Konpromiso ezin sendoagoa dugu helburu hori lortzeko.


Oharra: Hau da gure sailaren legealdirako egitasmoa aurkezteko argitaratuko dudan sorta baten laugarren atala. Hemen dituzu lehena (unibertsitate-politikaz), bigarrena (zientzia-politikaz) eta hirugarrena (berrikuntza-politikaz).