Gure sailaren ildo nagusiak (II): zientzia politika
Euskadiko ikerketa-zentroek –BERC eta IKZ/CIC– eta unibertsitateek hazkunde handia eta etengabea izan dute ekoizpen zientifikoan eta, batez ere, horren kalitatean. Aurrerantzean ere, hazkunde horri eustea da gure asmoa, noski, baina ez gara horrekin konformatzen: gure ikerketa-taldeak benetan eraldatzaileak diren aurkikuntzak egiteko moduan egotea ere lortu nahi dugu. Horretarako, oso garrantzitsua da, beharbada ezinbestekoa, ezagutzaren aurrerapenaren mugan jardutea.
Horretarako, nahitaezkoa da Jaurlaritzak ondo hornitutako prestakuntza-programak eta ikerketa-proiektuak garatzea, baita azpiegitura egokiak, eta abangoardiako ikerketa sustatzea xede duen estrategia bat ere.
Ikertzaileen prestakuntzari dagokionez, % 6 handitu ditugu urtean doktorego aurreko eta doktorego ondoko programak finantzatzeko funtsak. Ikertzaileen nazioarteko mugikortasuna oinarrizko prestakuntza-tresna denez gero, sustatu egingo dugu doktore ondoko ikertzaileentzat, bi urteko egungo itzulera-epea lau urtera luzatuz.
Bestalde, ikerketa-talde egonkorrak finantzatzea xede duten programetan, aurrekontuen % 6ko urteko igoeraz gain, ikertzaileentzako eskakizun burokratikoak murriztuko dira, arreta handiagoa jarriko da ekoizpen zientifikoaren kalitatean –eta ez horrenbeste bolumenean–, eta emakumeen lidergoa eta sortutako ezagutzaren hedapen soziala sustatuko dugu. Ikerbasqueren bidez egiten den ikertzaileen erakarpena ere indartuko da % 6ko urteko igoerei esker, baita BERC eta IKZ/CIC zentroen finantzaketa ere.
Aurreko legegintzaldian hasitako IKUR estrategiak –“inpaktu soziala duen zientzia bikaina” deritzona– jarraipena izango du oraingoan ere programa hauen bitartez: BasqueQ (teknologia kuantikoak garatzeko erakundearteko lankidetza-plana), BN3 (nano-neuroteknologiei buruzko Basque Nano-Neuro-Network), NeutrIOnica (askotariko aplikazioak dituzten neutroi eta neutrinoen zientzia) eta Prestazio Altuko Konputazioa eta Adimen Artifiziala.
Era berean, baliabide-bolumen handiak bideratzen ari gara nolabaiteko garrantzia duten azpiegiturak eraikitzeko, prestatzeko edo erosteko (LINKER programa: Large Infrastructures for Key Excellence Research), hala nola, DIPCeko Hyperion prestazio handiko konputagailua (HPC), Ikerbasqueren Donostiako eraikina edo Nanofotonika Kuantikoko Laborategia.
Aurrekoaz gain, nazioarteko zientzia arloko partzuergoetan parte hartzeko dugun borondatearekin bat etorrita, orain arte izan dugun presentzia mantendu nahi dugu erakunde hauetan: European Spallation Source (ESS Bilbao), European Marine Biological Resource Centre (Plentziako Itsas Estazioa, PIE), EuroBioImaging (FBB), ERIC SLICES-RI.
Garrantzitsua izan da beti zientzia gizartean legitimatzea, horren mende baitago herritarrek ematen dioten babesa. Gizarteari helarazi behar dizkiogu jarduera zientifikoaren emaitzak. Eta ondorioz, edozein politika zientifikok aintzakotzat hartu behar du jakintzaren hedapen sozialaren babesa. Uste horrexeri lotuta dago datozen urteotan landu eta garatu nahi dugun Ezagutzaren Zabalkunde Sozialerako Proiektua.
Halaber, lehen urratsak eman ditugu ezagutzaren eta gobernantza demokratikoaren arteko harremanak aztertuko dituen unibertsitateen arteko sarea egituratzeko. Honela, gizarte garaikideen funtzionamendu egokia eta demokraziaren loraldia bermatzeko behar diren harreman zail bezain funtsezkoak gobernatzen dituzten gakoak eskuratu nahi ditugu.
Oharra: Hau da gure sailaren legealdirako egitasmoa aurkezteko argitaratuko dudan sorta baten bigarren atala, zientzia politikari buruzkoa. Lehen atalean unibertsitate polikaz aritu naiz.
Iruzkinik ez "Gure sailaren ildo nagusiak (II): zientzia politika"