Gure sailaren ildo nagusiak (I): Unibertsitatea
“Jauzi kualitatibo ekonomiko-teknologiko-industriala egiteko funtsezkoa da gure ekosistema zientifikoa eta teknologikoa indartzea. Horrexegatik, hain zuzen, egin da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila sortzearen aldeko apustua. Sail honek irmotasunez bultzatuko ditu Euskadin ezagutza aurreratua eta berrikuntza. Ezagutzak eta honen hedapen sozialak demokrazia indartzen laguntzen dute. Eta, gainera, zientzia-unibertsitate esparrua talentua Euskadira erakartzeko eta atxikitzeko sarbide naturala da.”
(Lehendakariaren hitzak Forum Europa-Tribuna Euskadin, 2024/09/11).
Testu honen burualdean dauzkagun Lehendakariaren hitzetan, argi dago zein den Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren sorrera inspiratu duen helburua. Ezagutza aurreratuaren aldeko apustua da, abangoardiako ezagutzaren sorkuntza, transmisio eta zabalkunde soziala bultzatuz, gizarte oparoago, kohesionatuago eta demokratikoago baten zerbitzura. Helburu horren oinarrian, aldez aurreko uste sendoa dago: ziur gaude ezagutza aurreratua aberastasun, ongizate eta kohesio sozialaren iturria dela.
Unibertsitate baten bilakaera edo, gure kasuan, hainbat erakundek osatutako unibertsitate-espazio baten bilakaera, erakunde horiek hartutako erabakien mende dago neurri handi batean (aurrerantzean, Unibertsitatea esanda, euskal unibertsitate guztiez ariko gara). Azken finean, autonomia duten erakundeak dira, ordenamendu juridikoak hala aitortuta. Jaurlaritzari dagokio joko-arauak ezartzea, politika orokorren orientazioa zehaztea eta, gure unibertsitate publikoaren kasuan –UPV/EHU– bereziki, Jaurlaritzari dagokio unibertsitateak helburuak betetzeko behar dituen baliabide gehienak ematea eta behar bezala erabiltzen direla zaintzea.
Ez da erraza mugatzea zein den zehazki Jaurlaritzaren eskumen-eremua eta zein den Unibertsitatearena (unibertsitate publikoaz ari naiz nagusiki); izan ere, unibertsitateen autonomiak mugak ditu, baina ez dira oso zehatzak. Nolanahi ere, argi dago unibertsitateek independentzia akademikoa izan behar dutela, baina sistemaren antolaketari, koordinazioari eta plangintzari buruzko gaiak Jaurlaritzari dagozkio. Eta ondorio ekonomikoak dituzten Unibertsitatearen erabaki guztiak ere Jaurlaritzak onetsi behar ditu.
Gure Unibertsitateak ikasketa-eskaintza zabala eta anitza izatea nahi dugu, eta batez ere, prestakuntzarik onena eskaintzeko gai izatea, dagozkien diziplinen abangoardian dauden profesionalen eskutik. Horren ondorioz –edo horrexek behartuta– nazioarteko sare akademikoetako kide izan behar dute, eta beste herrialde batzuetako unibertsitate eta ikerketa-zentroetan hartutako esperientzia izan behar dute.
Hartara, Unibertsitateak mundura irekita egon behar du, beste leku batzuetako ikasleak hartu eta bertakoei nazioarteko esperientziez gozatzeko aukera eskaintzeko prest. Horretarako, nazioarteko mugikortasunerako laguntzak indartu ditugu. Ildo berean, bultzada gehigarria eman nahi diegu nazioarteko aipamena duten doktoregoei eta ingelesez gero eta ikasketa-eskaintza handiagoa izateko aukerari (bereziki master eta doktoregoko ikasketetan).
Mundura irekita egoteak ez du eragotzi behar gure herriaren eta kulturaren alde lan egitea, ezta euskararen erabilera eta gizarte-mailako prestigioa sustatzea ere. Hori dela eta, euskarazko ikasketa-eskaintza handiagoa sustatzen dugu, lineako ikasketak barne. Eta ahalegin berezia egiten dugu gure hizkuntzan landutako ezagutzaren hedapen soziala sustatzeko jardueretan.
Unibertsitatea ehun sozioekonomikotik gertuago egotea nahi dugu, ikas-ekinezko prestakuntza duala ikasketarako kontratuen laguntzak zabalduz. Eta baterako titulazioen eskaintza handiagoa ere lortu nahi dugu Lanbide Heziketaren eta Unibertsitatearen artean.
Guk nahi dugun unibertsitateak bertako jendea zaindu behar du, horren ongizate biopsikosoziala babestuz eta gizarte-maila guztietako ikasleak hartuz. Eta, jakina, eskubide, aukera eta aintzatespenen mailako berdintasuna sustatu behar du kide guztien artean, edozein estamentutakoak direla ere. Horregatik, ari gara baliabide gehiago bideratzen beketarako (% 6ko urteko igoerarekin); horien kudeaketa ere arinagoa izango da.
Printzipio horiek guztiak baterabildu nahi ditugu 2026an tramitatzen hasi asmoz, Eusko Legebiltzarrera eraman nahi dugun Unibertsitate Legean, baita datorren urtean prestatuko dugun 2027-2030eko Unibertsitate Planean ere. Plan honek inbertsio-ahalegin publiko-pribatu handiagoa aurreikusiko du, eta UPV/EHUren funtsezko izaera berretsiko du, izaera hori bermatzeko behar duen finantzaketa bideratuz.
Egun, Unibertsitate publikoaren finantzaketa behar adinakoa da esleituak dituen eginkizunak behar bezala bete ahal izateko. Baina horrez gain, finantzaketa gehigarria izango du, unibertsitateak berak garrantzizko gaitasunak landu dituen interes bereziko ildoak garatu ahal izateko.
Euskal unibertsitate-espazio osoa indartzea xede duten jarduera horiez guztiez gain, Ikasketa Aurreratuen Zentroa sortu nahi dugu. Horren laguntzaz, euskal ikerketa-jardueraren nazioarteko aintzatespena erraztu nahi dugu, gure herriko ikasleei maila goreneko prestakuntza eskuragarria eskaini, beste herrialde batzuetako ikasleak erakarri eta dagozkien diziplinen abangoardian dauden ikertzaileen helmuga akademikoa izatea nahi dugu.
Oharra: Hau da gure sailaren legealdirako egitasmoa aurkezteko argitaratuko dudan sorta baten lehen atala, unibertsitateari buruzkoa.
Iruzkinik ez "Gure sailaren ildo nagusiak (I): Unibertsitatea"