Eskuin muturra hegemonikoa da Europako herrialde gutxi batzuetan (Austrian, Frantzian, Polonian, Hungarian eta Italian; azken bi hauetan gobernatzen du gainera), beste batzuetan ere esku hartzen du gobernuan, hegemonikoak ez diren arren (Finlandian, Bulgarian, Herbehereetan duela gutxi arte). Eta ia guztietan hazten ari da, Alemania, Espainia, Erresuma Batua, Errumania eta Portugal barne. Horietako batzuetan laster gobernatuko du.
Eskuin-muturraren gorakada mendebaldeko zibilizazioak bizi duen krisi sakonaren adierazleetako bat dela uste dut, eta eragin disruptiboa izan duten zenbait berrikuntzarekin batera (eta agian berrikuntza horien ondorioz) heldu da krisi hori. Ezagutzarako irisgarritasunaz, ezagutzeko moduaz, diru elektronikoaren eta kriptomoneten agerpenaz eta Eguzki Sisteman zehar gizakiak duen hedatzeko itxaropenaz ari naiz. [Kontu honen azalpena, hemen]
Ziurgabetasun ekonomiko eta politiko handia, oinordetzan hartutako balio-sistemaren kolapsoa eta nortasun kolektibo tradizionalak zalantzan jartzea edo desagertzea eragiten dute krisiaren lehen adierazpenek. Eta areagotu egin da krisi ekonomiko handiaren (2009 eta 2014 artean), pandemiaren (2020-2022), eta pandemiak gero ekarritako horniduren krisiaren eta inflazioaren eraginez.
Aldi berean, arrazoi horiengatik eta beste batzuengatik (ustelkeria iraunkorra eta nonahikoa, eta Interneteko sare sozialek eragindako informazio-bitartekaritzaren galeraren disolbatze-efektua), sistema politiko demokratikoak legitimitate-galera larria jasaten du.
Lehen ez ginen orain baino seguruago bizi, ez genuen bizi-baldintza hoberik, ez zegoen ustelkeria gutxiago, ez ginen pertsona hobeak –ez eta okerragoak ere–. Baina mundua aurresangarriagoa zen, fidagarriagoa. Gorroto dugu ziurgabetasuna; atsekabetu edo deseroso egiten gaitu aniztasunak, eta asaldatu egiten gaitu anbiguotasunak. Baina ziurgabetasun handiko –eta alderdi anitzeko– denborak dira hauek; aniztasun handiko –kulturala, batez ere–, garaia da, eta apenas gelditzen zaigu egia moralik egun. Lehen, komunitate baten kide sentitzen ginen, gure balio, kultura eta aterpe iturria zen. Orain komunitatea desegin egin dela dirudi, desagertu egin dela; bada, horren ordez, gizarte deitzen diogun zerbait, ia estatistika-artifizio bat.
Estatu Batuetan botere handiko tekno-aristokrazia bat sortu da. Bere plataforma digitalek hedatzen dituzten edukiak neurriz gabe barneratzeari estatuek aurka egiten dizkioten murrizketak ezabatu nahiko luke. “Aireko jaun” horietako batzuek disimulurik gabe babesten dituzte Europan hazten ari diren eskuin muturreko alderdiak, estatua desegiteko asmoz –esplizituki kasu batzuetan–, merkatuko indarrek kontrolik gabe jardun dezaten. Argentina izan liteke norabide horretan urrutien iritsi den esperimentua.
Gauzak horrela, ez genuke baztertu beharko bi gauza hauetako bat gertatzea: herrialde askotan erregimen totalitarioak ezartzea edo estatuak porrot egitea, alegia huts egindako estatu bihurtzea. Bi kasuetan, itxura desberdina izan arren, egiturak eta babes-sistemak kolapsatzeko arrisku handia ere egongo litzateke.
Historia ez da inoiz errepikatzen, ezta fartsa gisa ere. Horregatik, ez dugu iraganean baliozko erreferentziarik edo analogiarik. Etorkizuna atzemanezina da. Eta ezin da aurreikusi, kasualitatez ez bada. Baina ikusten diren joerak kezkagarriak dira. Europa ez da lehen zena. Mendebaldea ere ez. Horregatik, agian zuhurra litzateke pentsatzea zer esan nahi duen gaur egun estatuak eskaintzen digun aterperik gabeko mundu batean bizitzeak. Eta, pentsatzen dugun heinean, hausnartzen hasi beharko genuke nola jokatu behar genukeen guretzat eta, batez ere, gure ondorengoentzat, bizi-baldintza duinak lortzeko.
Ez daukat bat ere argi mekanismoa zein izango litzatekeen, nola egin litekeen, baina bururatzen zait funtsezko adigaia komunitatearena dela. Balio eta ezaugarri kultural komunak –ez baztertzaileak, baina nortasun bat definitzeko balio duten gutxieneko koherentziarekin– dituzten gizabanakoen multzo bat, elkarri laguntza emateko eta oinarrizko zerbitzuak –osasuna, prestakuntza, zaintzak– emateko antolatzen direnak, horiek gabe oinarrizko egonkortasun existentzialari eustea ezinezkoa izango litzatekeena.
Euskadin erreferentzia gisa balio dezakeen eredu bat dugu. Sistema kooperatiboak jarduera ekonomikoa sortzen du, prestakuntza ematen du, finantza-zerbitzuak ematen ditu eta osasun-zerbitzu propioa eskaintzen du, beste prestazio eta funtzionalitate batzuen artean.
Mustafa Suleyman-ek, Inflection AI-ren Deep Mind-en sortzaileetako batek eta Microsoft AI-ren zuzendari exekutiboak, The Coming Wave (2023) lanean ohartarazi duenez, AA Sortzailearen eta biologia sintetikoaren sorrera dela eta, gizateriak aurre egin behar die arrisku existentzialei. Baina, era berean, adierazten du teknologia horiek merketzeak eta horien erabilera hedatzeak, horrek dakartzan arriskuez gain, aukera onak ematen dituela ondo antolatutako giza kolektiboek aukera horiek erabil ditzaten estatu nazionalek izan dezaketen noraezetik kanpo bizi-baldintza onak sortzeko. Talde horiek kreditu-sistemak, eskolak, osasun-zaintza eta komunitate-zerbitzuak ezar ditzakete.
Eredu kooperatiboa eta aurretik zegoen komunitate baten barruan oinarrizko zerbitzu batzuk merketzea eta eskuragarritasuna konbinatzen baditugu, estatua ordezka lezake horrek, eta orain arte hark izan duen zeregina bete. Atzean nazio-estatuak geratuko lirateke, ezagutu ditugun bezala. Gure aurrean autoantolaketarako modu berriak sortuko lirateke. Antzinako estatu-hiriak gogoraraziko lituzketen formak, baina oinarri komunitarioko egitura digital indartsuen gainean finkatuta. Agian hori eldarnioa besterik ez da, baina susmoa dut gaur egungo “polities” delakoak laster desagertuko direla eta horien ordez egitura politiko berriak –gaur egun ezezagunak– sortuko direla.
Gizateriak bizi izan duen historiaren bihurgune bakoitzetik gobernu sistema berriak sortu dira. Gure garaia ez da desberdina izango.
Iruzkinik ez "Komunitatearen itzuleraren zain"