Imanol Pradales Euskadiko lehendakariak atzo aurkeztu eta Eusko Legebiltzarrerako bidali zuen dokumentua da testu honetan jaso dudana. Bizitza politikoan modu txarrei, faltsukeriei, irainei eta abarrei uko egiteko itun baterako proposamena da. Bat egiten dut, noski, testu honetan esaten denarekin.

Demokraziaren konpromisoa

Euskadin demokrazian sinesten dugu eta demokrazian sakontzen jarraitu nahi dugu gizabidean aurrera egiteko. Batetik, pertsona ororen duintasuna, askatasuna eta berdintasuna bermatzeko gai den sistema politiko bakarra delako eta, bestetik, berezko dituen balioak (pluraltasuna, tolerantzia, errespetua…) eta beharrezko duen kultura (elkarrizketa, akordioak, besteen onartzea…) pertsonen arteko elkarbizitza oparorako egokienak direla sinesten dugulako.

Demokrazia arriskuan eta mehatxupean dago egun Europan. Munduko leku askotatik bere aurkako olatuak datoz eta indar antidemokratikoak gizartean babes handia lortzen ari dira. Arriskua ez da mugimendu faxista, xenofobo edo arrazistetara bakarrik mugatzen. Gizartea ulertzeko modu bakarra inposatu nahi duten pentsamolde politikoetara ere hedatzen da. Jarrera totalitario eta autoritarioek gizartearen aniztasuna ukatzen dute eta ez dute desberdina dena onartzen; pertsonen eta herrien askatasunaren aurka doaz.

Korronte hauen aurrean, Euskadin demokrazia indartzen, sakontzen eta hobetzen jarraitu nahi dugula aldarrikatzen dugu eta horretarako lan egiteko konpromiso sendoa hartzen dugu, bai gure sistema demokratikoa etengabe berritu eta hobetzeko, eta bai euskal gizartearen kultura demokratikoa etika eta integritatearen gainean sustatu eta sendotzeko.

Jarduera politiko eredugarria

Azken urteotan politikaren jarduerak ospe-galtze eta sinesgarritasun falta irabazi du. Funtsean, herritarrek erakunde politikoetan (gobernu-organoak, alderdi politikoak, herri ordezkariak…) duten konfiantza ahuldu da. Itun hau sinatzen dugunok gizartea antolatzeko lanabes horiek demokraziarako oinarrizko zutabe direla defendatzen dugu.

Errealitate honi buelta emateko ezinbestekoa da politikarekiko konfiantza berreskuratu eta sendotzea. Horrek, konfiantzaren krisiaren hainbat faktoreri erantzutea eskatzen du, baina ezinbesteko pausu gisa, zehazki, eragile politikoen eredugarritasunean jartzen dugu fokoa.

Euskal gizartearen ordezkarion eguneroko jokabide etiko eta zibikoa da konfiantza maila handitzeko osagai nagusia. Honela, zintzotasuna, errespetua, ardura, zerbitzu publikorako bokazioa, leialtasuna, guztion ongiaren bilaketa, gardentasuna… ezinbesteko printzipioak

dira, nazioarteko kode eta adierazpenetan eta Euskadiko etika publikoko hainbat erakundetan jasotzen den bezala.

Azken urteotan eztabaida publiko demokratikoa pobretzen duten eta demokraziaren oinarrian dagoen konfiantza ahultzen duten jokabide geroz eta gehiago ikusten ari gara: tonu txarreko eztabaidak, aurkariarekiko irainak, gezurrak, errespetu faltak, dena polarizatzeko joerak…

Zorionez, beste leku askotan ohikoegiak diren jarrera eta jokabide politiko suntsitzaile horien aurrean, Euskadin badugu politika egiteko eta herrigintzan aritzeko modu eraikitzaileagoa: ezberdinen arteko akordioak, aurkariari errespetua, eztabaida sosegatuak… gure ezaugarriak dira gaur egun. Hala izaten jarraitzea nahi dugu. Izan ere, herri baten osasun demokratikoa herritarren eta herri ordezkarien kalitate etikoaren menpekoa da neurri handi batean.

Euskadin politikan aritzeko oinarrizko etika

Politikak berezkoa du etika. Eta etikoki ongi jardutea nahikoa ez izan arren, argi dago etikarik gabe ez dagoela politika onik. Ez da planteamendu honen asmoa proiektu politikoek edo politika publikoek izan beharreko dimentsio etikoa ezartzea. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin eta haren espirituarekin bat egiten dugu gutxieneko gisa. Era berean, Euskadiko erakunde publiko edo politikoek dagoeneko badituzten kode etiko eta praktika onen jardunbideak ordezkatzeko inolako intentziorik ere ez du honakoak. Gehitzera dator.

Praktika demokratikoaren akatsak ezin dira inolaz ere autoritarismoaren bidez edo deliberazio publikoa ezabatuz konpondu. Demokraziaren arazoek demokrazia gehiago eta hobea eskatzen dute, oinarri etiko sendo batekin batera.

Herri ordezkari eta eragile politikoek dugun arduratik abiatuta, eta eredugarri izateko asmoz, Euskadin maila ezberdinetan herrigintzan gabiltzan pertsona guztiontzat, jardun politikoan gizalegez aritzeko oinarrizko planteamendua da honakoa. Gutxieneko etika guztiona egiteko gai garen heinean, etika handitzen eta demokrazia indartzen arituko gara.

Gure jarduera politikoan, jokabide etikoa izango dugula hitz ematen dugu, gutxienez honako dekalogoa betez:

  1. Guztien ongia, ongi komuna, lehenestea beti. Bestelako interes politiko, ekonomiko edo partikularren gainetik, herritarren duintasuna eta ongizatea bilatzea beti, pertsonen eskubide eta askatasun guztiak bermatuz.
  2. Herri ordezkaria herritarrei eta gizarteari zor zaion heinean, beti pertsona oro errespetatzea, guztien interesak entzunez eta kontuan izanik, eta zintzotasunez kontu emanez herritarrei ideia, proiektu edo erabakien berri.
  3. Eztabaida publikoa zabaltzea, ezberdina aitortuz, moralki inoren gainetik jarri gabe, ikuspegien aniztasuna balioan jarriz eta elkar ulertzeko jarrera bultzatuz, betiere ideiek Giza Eskubideak errespetatzen badituzte.
  4. Alderdi politiko ezberdinetako herri ordezkarien artean interes orokorreko gaietan adostasuneko guneak aurkitzeko jarrera eta elkarrizketa eraikitzailea lehenestea, kalitatezko eztabaida publikoa sustatuz.
  5. Gizarte zibileko mugimendu, erakunde eta proposamenak entzutea, kontuan hartzea eta haiekin elkarlana bilatzea, betiere haien autonomia eta askatasuna errespetatuz, ahalik eta inpartzialen izanik, eta bestelako helburu politiko edo partidistetarako erabiltzea saihestuz.
  6. Euskal herri erakundeak aitortzea, haien autonomia, lan-esparruak eta eskumenak errespetatzea eta haien egitekoa hobetzeko jarrera eraikitzailea edukitzea.
  7. Komunikabideen gizarte-funtzioa aitortzea, egitekoa erraztea, eta haien autonomia errespetatzea, haien jardunean bortxatzerik edo eskuhartzerik gabe, administrazioek sortutako informazio publikorako sarbidea ziurtatuz.
  8. Herrigintzan, politikan, zerbitzu publikoan, dabiltzan herri ordezkariak aitortzea, errespetatzea eta babestea, bizitza pribaturako eta intimitaterako eskubidea errespetatuz eta ad hominen motako erasoak gaitzetsiz eta arbuiatuz.
  9. Era guztietako komunikazio publikoan errespetuz aritzea, zintzoki adieraztea pentsatzen dena, demagogia, manipulazioa eta gezurra saihestuz, eta eztabaida publiko eraikitzailea elikatuz. Honek, besteak beste, desinformazioa (fake news– ak), gehiegizko hiperbolea, datuen erabilera partzial eta interesatuak eta antzerakoak ez elikatzea, babestea edo erabiltzea esan nahi du.
  10. Oro har, jarduera politikoan zintzotasunez aritzea, azpi-joko, tranpa edo bestelako trikimailurik gabe, desadostasunak elkarri aitortuz eta desadostasunean jarrera konstruktiboa izanez.

Euskadin jarduera politikoan aritzeko gutxieneko jokabide etiko honekin bat egiten dugu eta herri erakunde guztietan eta parte hartzen dugun alderdietan zabaltzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen dugu. Era berean, dei egiten diegu euskal gizarteko eragile guztiei eta euskal herritar guztiei, politikan gizalegez aritzeko itun honen espiritua bere egin dezaten. Guztion jardunbide etikoak bakarrik egingo gaitu hobe.