Errealitatea ezagutezina da
Eszenatokietan aurkezle, abesle edo antzesle bat argiztatzeko askotan erabiltzen den argi-zirkulu horietako bat bezalakoa da ezagutza. Zirkunferentzia batek mugatzen du zirkulu hori; ezagutzaren muga da zirkunferentzia; muga lausoa da, ez da garbia. Beste aldean ezjakintasuna dago.
Zirkunferentziaren kanpoko aldean dagoen ezjakiteaz kontziente gara, baina hor bertan, mugaren ondoko auzunean dagoenaz bakarrik. Hortxe dago ez dakiguna badakiguna.
Zirkulua zabaldu egiten da ezagutza handitzen denean eta, ondorioz, handiagoa egiten da zirkulua mugatzen duen zirkunferentzia. Horrek esan nahi du ezagutza handitzean ezjakintasunaren muga ere handitu egiten dela, gehiago da ezagutzen ez ditugun gauzen kopurua; gehiago da ez dakiguna badakiguna.
Zirkulu hori zabaltzen jarraituko dugu, eta zirkunferentziak ez dio handitzeari utziko, baina inoiz ez diogu ezjakinak izateari utziko. Izan ere, ezagutza bezala, amaigabea da ezezagutza: ez dakiguna badakigunaz gain, hondogabea da, ezagutzen ez duguna eta ezagutuko duguna ere ez dakigun guztia.
Horrek, eta ez beste ezerk, esan nahi du ezjakintasuna infinitua dela, mugagabea. Horregatik ez du zentzurik errealitatea ezagugarria dela pentsatzeak. Ez da, eta ez da inoiz izango.
Korolarioa: Aurrekotik ondorioztatzen da metatu dezakegun ezagutza ere infinitua dela.
Iruzkinik ez "Errealitatea ezagutezina da"