• Izena: Primates al este del Edén – El organismo humano a la luz de la evolución
  • ISBN: 978-84-9199-586-9
  • Egilea: Juan Ignacio Pérez Iglesias
  • Lehen edizioa: 2023ko azaroa
  • Orrialde kopurua: 416
  • Hizkuntza: Gaztelera
  • Argitaletxea: Crítica

Iruzkina

Duela 6 edo 7 Ma, giza leinua eta txinpantze eta bonoboena bereizten hasi ziren, Afrikako ekialdeko eta hego-ekialdeko oihanak argitzen hasi ziren garaian, eta pixkanaka sabanako biomak ordezkatu zituen; hala, mosaiko-paisaia bat agertu zen, non basotxiak eta belardiak tartekatzen baitziren. Testuinguru horretan, gure arbaso hominidoen ohiko elikagaia, batez ere fruituetan oinarritua, urriagotu egin zen. Haragiak, tuberkuluek eta haziek, berriz, garrantzia irabazi zuten. Basoa garbitzean, lehenen homininoek lurretik ibili behar izan zuten, baina zuhaiztiaren babesa erabat utzi gabe. Geroago sabanako espazio irekietan ibili behar izan zuten. Aldaketa horiek bipedestazio eraginkor bat garatzea ekarri zuten, ibiltzeko eta korrika egiteko ahalmen handia eta izerdiaren bidez gorputzeko tenperatura erregulatzeko ahalmena. Digestio-sistema haragi-proportzio handiagoko dieta batera egokitzen joan zen, eta, agian, kozinatutako elikagaietan oinarritua. Aldaketak energia-baliabide gehiago jarri zituen Pliozenoko homininoen esku, lehenik, eta Pleistozenokoen esku, gero, baina haien uztak edo harrapaketak ahalegin handiagoa eskatzen zuen. Esfortzu handiagoak azelerazio metabolikoa ekarri zuen. Dieta aldatzeari esker, gorputzeko gantz-erreserbak eta entzefaloaren bolumena ere handitu egin ziren, ingurumenak nahiz gizarte-harremanek eragindako hautespen-presioek bultzatuta. Horren guztiaren ondorioz, gure arbasoen bizi-estrategia mantsoago eta zuhurrago bihurtu zen, eta amek —neurri handi batean, bikotekideen, familien eta herrixkaren laguntzari esker— haur gehiago erditu ahal izan zituzten bizitzan zehar. Hortik dator gure espeziearen arrakasta biologiko handia.

Primates al este del Edén zure gustuko liburu-dendetan eros dezakezu azaroaren 15etik aurrera.